Urumea Ikastolak 50 urte bete ditu aurten eta mende erdiko ibilbidea ospatzeko, hainbat motako ekintzak antolatuko dituzte ikasturtean zehar. Hasteko, ostiralean bertan, Santo Tomas eguna ospatuko dute. Urumea Ikastolako Guraso Elkarteak antolatu du egun hau eta izaera berezia eman nahi diote, ikasturte berezia den heinean. Asmo horrekin izango dira: herri kirolak, gabon kantak, trikitilariak, Olentzeroren bisita... eta noski, txistorra!
Iñude eta Artzai berezia
Urtero bezala, Inauteriekin batera, Iñude eta Artzaien konpartsa antolatuko du Urumea Ikastolak eta berezitasun moduan, ikasle ohiek ere parte hartzea pentsatu dute. Parte hartu nahi dutenek, deitu besterik ez dute:
685 727 387 edo 688 660 707.
Guraso talde baten ausardia
Gogorarazi dute, Urumea Ikastola, guraso talde baten ekimenez sortu zela, «haien ausardiari esker, seme-alabak euskeraz hezteko helburuarekin; euskerazko irakaskuntza eta beste eskola eredu bat ziren une hartako ametsak». Jende askoren laguntza izan dutela ere azpimarratu dute: «Tartean zailtasunak ez dira gutxi izan, baina urtez urte egokitu eta aurrera egin du. Urte hauetan zehar jende askok lagundu du ikastolaren proiektua eraikitzen eta sendotzen. Hasieran ikasle talde txiki batekin martxan jarritako, eta egun 500 ikasle inguru hezten dituen ikastola da. Urumea Ikastolaren hezkuntza ibilbidean, gizon eta emakume askoren amets, ilusio eta lanak daude, guztiek hartu baitute parte eraikuntza prozesuan: sorrerako partaideak, laguntzaileak, zuzendariak, irakasleak, gurasoak, ikasleak...».