Irizar sukaldari eskolako bi sukaldari izan ziren atzo Xalaparta elkartean, 50 hernaniarri euren sukaldeko sekretuak erakusten. Ez zuten nolanahiko otordua prestatu. Izoki entsalada hotza, basauntz solomilloa fruta gorri, udare eta ardoarekin, eta turroi moussea melokotoiarekin. Denen aurrean egin zituzten hiru platerak, eta errezeta orriak banatu zituzten jendearen artean, etxera eraman eta han probatu dezaten ikasitakoa. Xabi Urdangarin eta Pili Carbonell izan ziren atzokoan protagonista eta irakasle, eta Xalaparta elkartera azaldu ziren 50 hernaniarrak ikasle, eta etorkizunean mokadu goxoen prestatzaile. Gabonetarako bada zer prestatua Hernaniko etxeetan.