Mendebaldeko Sahara hiru zatitan dago banatua, eta gatazka politiko haundia bizi du Marokorekin. Herri horrek bizi duen egoerari buruz hitz egingo du gaur, 19:30etan, Biterin, Hassanna Aaliak gazteak, giza eskubideen alde lanean ari denak. Saharako okupazioari buruz ariko da, zapalkuntza eta errepresioari buruz, eta 40 urteko gatazkaren ondorioak azalduko ditu.
Marokon epaitu dute Aaliak
Aaliak gazteak ez dauka bere lurrera nolanahi bueltatzerik, Marokoko Auzitegi Militar batek bere kontrako epaia emana baitauka: bizi guztiko kartzela zigorra, hain zuzen.
Hainbat dira Aaliaken egoera berdinean daudenak edo bestelako ondorioak jasan izan dituzten sahararrak. Gaur horietako gehiago ere izango dira hitzaldian, eta era askotako testigantzak entzun ahal izango dira bertan. Horregatik, herritar guztiei dei egin diete hitzaldira azaltzeko, giza eskubideetan interesa izan dezakeen jende guztiari, eta herri baten erresistentzia borrokan ere bai.
Errefuxiatu kanpamenduak egoera bereziki larrian
Asko aipatzen dira errefuxiatu kanpamenduak, izan ere egoera bereziki larria bizi dute bertan. Gaurko hitzaldian hango sufrimendu eta ametsei buruz ere ariko dira.