Egun guztiko hitzaren jolas edo jokoaren ondoren, Amets Arzallus gailendu zen 2013ko Bertsolari Txapelketa Nagusian. Maialen Lujanbiok bikain defendatu zuen txapela, eta asko ziren txapelari eutsiko ziola uste zutenak ere. Hendaiarrak ordea, ez zuen berriz galtzeko asmorik, eta arnasik galdu gabe egin zuen bertsotan; batez ere, goizeko saioan. 2009ko bi onenak iritsi ziren buruz burukora, baina pauso gutxitara izan zituzten beste bi, Igor Elortza eta Aitor Mendiluze, pixkanaka jendea konbentzitzen joan zirenak.
Mendiluzek goiza ona, eta arratsalde berdin gabea egin zituen, puntu erantzuneko saioan eguneko puntuazio altuena eskuratuta, gainera.
Murua: «Sekula ez dut gozatu holako finalik, hasi eta buka»
Iñaki Murua lehendakariak berak azpimarratu zuen horrelako finalik ez zuela inoiz gozatu, hasi eta buka.
Izan ere, sekulako hasiera eman zioten zortzi bertsolariek goizeko saioari, inork inori aurrea utzi nahi ezta. Ale mundialak utzi zituzten denek, baina pauso bat aurretik bezala bukatu zuten Arzallusek eta Lujanbiok. Mendiluze, Elortza eta Colina ere askoren ahotan zebiltzan, buruz burukoan sartzeko aukerarik galdu gabe bezala. Gainerakoak ere primeran, eta irrikaz, Iturriagak agurrean kantatu bezala, indio natiboaren paperean: «Hau da azken guda dantza, maskarada, kabalkada! Datorrena datorrela, hiltzeko egun ederra da».
Zortziko haundian Lujanbiok eta Mendiluzek jarri zioten tonua saioari, eta Arzallus eta Colinak egindako lanak bildu zituen txalo gehien; alkoholiko anonimoetan ibilitako bi lagun tabernan elkartu dira; Arzallusek: «altxa ditzagun kafe kikarak ta egin dezagun topa!».
Zortziko txikian Lujanbiok egin zuen saiorik osoena, Arzallus lagun zuela. Goi mailako jatetxe batera gonbidatu zuen Lujanbiok Arzallus, eta biak ospitalean zeuden, gaitz eginda. Maialenek esan zuenez, «’Sube-jana’ jatetxera» gonbidatu zuen laguna, bien harremanari «emozioa jartzera», eta «pure eta arrai egosi zalea zera zu, ba hori nahi bazendun hementxe daukazu».
Puntu erantzunean lan harrigarriak entzun ziren, eta Mendiluzeren hirurak adibidez, paregabeak. Ez zen txarragoa izan Mendiluzeren sei puntukoa, Arzallusekin batera egina. Arrazoibide zailari ederki bilatu zion zirrikitua andoaindarrak, bere mailarik onena emanez.
Sei puntuko motzean Lujanbiok eta Colinak egin zuten lana ere aipagarria izan zen, ikasgelan heriotzari buruz hitz egin behar zen eztabaidan ari diren bi irakasle, Colinak dudak. Lujanbiok hala esan zion: «Haur txiki-txiki mukizu, ze polita den begizu, onartzen igual berorrek zuri lagunduko dizu».
Bakarka lehertu zen saioa. Bikote harremanak, eta egoera politikoari buruzko gaiak nagusitu ziren, egoerak beste aldean jarri zaitu, gaiarekin. Lujanbiok adierazi zuen, «Halako diskurtsoak maiz, egiten nitun gaur arte, nik utzi izan det baina, gaur aldiz ni utzi naute». Iturriagak alabari kantatu zion, ama eta bien separazioa zela eta «aldea non den hemen edo han, erdian marra ebaki, baina jakizu nire aldea, zure aldean dago beti». Arzallusek guardia zibilaren paperean harrigarriak bota zituen, lehendabizikotik hasita, «Ta azkenean Donostiako, koartelera heldu nintzen, eta ordutik lana egin dut, Intxaurrondoak astintzen». Eta baita Sarriegik ere, bere biktimaren alargunari kantatu zionean: «Baina egin beharrean, besterik gabe muzina, orain nire sentitu det, eragin diodan mina».
Arratsaldean, graduek gora
Olatua faltan bota zuten askok, itxuraz, eta hala hasi zuten arratsaldeko saioa, bazkal ondoan presaka xamar iritsi zena. Halaxe ekin zioten bertsolariek ere, eta hamarreko txikian eta puntutan sekulako erritmoan hasi zuten saioa, jendeak estimatu zuena.
BEC zutik jarri zuen Mendiluzek arratsaldean, eta bera nabarmendu zen denen gainetik, hamarreko txikian ondo, eta puntutan eta bakarka bikain. Olentzero bera eta Papa Noel Elortza, tximinitik sartu ezinean: «nire atzetik dauzkat CIA eta Nasa», eta andoaindarrak, «ta halare hor sartzeko ez zera kapaza».
Lujanbiok hamarreko txikian dizdiraz bukatu zuen, eta baita bakarkako lanean ere, seme-alaben etxeetan txandaka zebilen emakumearen paperean. Beñat Gaztelumendik ere maisu eman zion bukaera arratsaldeko saioari, adimen urriko gazteekin ballet ikuskizuna eman behar zuen maisuaren tokian.
Baina arrastorik galdu gabe segitzen zuena Arzallus zen, eta arratsaldeko bakarkakoan ondo eutsi zion goizean ateratako tarteari.
Lau urte eta gero, buruz burukoa errepikatu zen
Ez zegoen jendea dudatan. Amets Arzallus eta Maialen Lujanbio ziren hautagai nagusi, eta Mendiluze eta Elortzaren saioa zebilen askoren ahotan. Azkenean bi onenak buruz burukora: Lujanbio eta Arzallus. Buruz burukoan errepikatu egin zen ordura artekoa. Ofiziotan 6ko motzean gaixo daudenekin arratsaldea pasa duten pailazoen paperean dotore aritu ziren biak. Zortziko txikian elkarren bikotekideen paperetik umore ukitua jarri zioten finalari, batak bestearen alde apustu eginez. Bakarkako lanean, emozio guztiak airean zirela, Arzallusek Sarrionandia izan zitekeen idazlearen paperetik, eta Maialenek etorkinaren paperetik, BEC altxa zuten.
Dorronsorok jantzi zion txapela Arzallusi
Arzallusek irabazi zuen txapela, eta horrelakoetan beti momentu hunkigarriena horixe izaten da. Aurten txapela janzteko ohorea Juanito Dorronsorok izan zuen, eta BECeko txalo zaparradarik beroena orduantxe izan zen, bertsolaritzaren alde egindako lan guztiagatik.
Olatua, beste behin BECera
Txapeldunak txapeldun, entzuleak izan ziren atzoko benetako protagonista. Pixkanaka berotzen joan zen giroa. Olatua falta zela zioen jendeak, eta iritsi zen, arratsaldeko saioa hasi aurretik. Iritsi bazen iritsi, olatua olatuaren atzetik ikusi zen hortik aurrera BECen, bertsoaren festa jarriaz guztiaren gainetik.
Sailkapena
- Amets Arzallus
- Maialen Lujanbio
-l Igor Elortza
- Aitor Mendiluze
- Aitor Sarriegi
- Unai Iturriaga
- Beñat Gaztelumendi
- Sustrai Colina