«Oso gustora gelditu naiz orokorrean saioarekin. Eta Iñakiren hitzekin geratzen naiz. Saioa ona izan dela dio, bere inguruan ere hori esan dutela eta ez naiz zurikeriatan ibiliko; nere txapelak baino gehiago pozten nau horrek», halaxe azaldu zuen Amets Arzallusek prentsaurrean, txapela jantzi berritan.
Bere lanari buruzko balorazioa ere egin zuen: «Final hau hirugarrena nuen eta sekula baino lasaiago atera naiz oholtzara. Eta aukera ikusi dut, hotz sentitu dut burua gaiei zorroztasunez heltzeko. Goizarekin oso gustora geratu naiz. Arratsaldean beldur nintzen tentsio hori galtzeko, okerrago kantatzeko. Eta jaitsi egin naiz. Buruz burukoan, berriz, gora egin dut Maialenekin. Egia esan, ez naiz jabetu irabazi nezakeela. Autokritiko xamarrak garenok, ez dugu gure burua hain goitik puntuatzen».
Lujanbio: «Saiatu gara
atzetik egindako lan hori, lanarekin itzultzen»
Maialen Lujanbiok hartu zuen ondoren hitza: «Eskerrak eman nahi dizkiet hainbeste lan egin duten horiei, guk dena listo izan genezan. Gu saiatu gara lan hori lanarekin itzultzen; opari bat egiten, guk dakigun moduan. Pozik egoteko motiboak dauzkagu. Egun ederra izan da eta ez litzateke posible izango hainbeste lan egin izan ez balitz. Bertsozaleei ere eskerrak eman nahi dizkiet».
Mendiluze: «Oso harro nago egin dugun saioarekin»
«Oso harro nago eta oso pozik, egin dugun saioarekin. Denei eskerrak eman nahi dizkiet, bertsozaleei, lanean aritu direnei eta baita etxekoei eta lagunei ere. Haiek sufritzen dute gugatik eta parte bat ere badute», azaldu zuen Aitor Mendiluzek.
Gaztelumendi: «Beste finalista bat gehiago sentitu naiz»
Beñat Gaztelumendi ere gustora azaldu zen: «Eskerrak eman nahi dizkiet lanean aritu diren guztiei. Eta egoista izanda, esan behar dut gustora nagoela egindako lanarekin. Finalista berria nintzen eta nere helburua zen beste bat gehiago sentzitzea eta hala izan da».
Elortza: «Elkartu garenetik sumatu dut final on bat aterako zela»
Igor Elortzaren hitzetan: «Aurretik 2 finaletan egon naiz eta gaurko honetan, goizeko 10:00etan elkartu garenetik sumatu dut final on bat aterako zela. De puta madre pasa dut».
Sarriegi: «Pribilegioa izan da zuekin kantatzea´
«Goizean iritsi garenetik sumatu da bai, sekulako giroa. Pribilegioa izan da zuekin kantatzea», azpimarratu zuen Aitor Sarriegik.
Iturriaga: «Vanitas vanitatis, ez naiz bueltatuko berriz»
Unai Iturriagak txapelketara ez dela gehiago aurkeztuko azaldu zuen: «Vanitas vanitatis, ez naiz bueltatuko berriz. Eta de la ostia pasatzen da».
Colina: «Ohore haundia izan da hemen abestea»
«Pribilegioa izan da, ohore haundia hemen abestea eta eskerrak eman nahi dizkiet hau hain berezi egin duten guztiei. Gogoa dut berriz bueltatzeko», azaldu zuen Sustrai Colinak.
Murua: «Sekula ez dut
horrela gozatu final batekin»
Iñaki Murua Bertsozale Elkarteko lehendakariak ere balorazioa egin zuen: «Eskerrik asko berriz. Zoriontsu naiz, nago, egin naute, nauzue. Gozatu egin dut gaur, hasi eta buka; sekula ez dut horrela gozatu final batekin. Eta ingurukoek ere hala esan didate. Benetan asetu nau gaurko saioak. Eskertu nahi dizuet egindako lana. Egundokoa izan da; gaizki ohituko gaituzue. Denak izan dira bertso onak. Harrigarria izan da eta oilo ipurdiak jarri zaizkit sarri. Epaimahaiak ere asmatu du eta gai jartzaileen lana ere aipagarria zait. Asko gustatu zaizkit gaiak. Petodunen lana ere egundokoa izan da. Borobila atera da».