hernani eta Vigoren arteko neurketak itxiko du gaur Landaren, aurreneko itzulia; zita, eguerdiko 12:00etan. Partidu berdindua espero da, bi taldeak azkeneko postuetatik lehenbailehen ihes egitea baitute helburu.
Garaipena beharrezkoa,Hernanik
Motibazio bereziarekin egingo dio aurre Hernanik gaur Vigori, arerio zuzena izango baitu aurrean. Azken partiduak ez dira espero bezala joan, eta egoerari buelta emateko gogoz dira. Bigaren itzuliaren hasiera konplikatua izango da Hernanirentzat, Quesos eta Ordizia hartuko baititu etxean, Landareko bi partiduetan. Gaur irabaziz gero, puntu abantaila erosoa har dezakete trikoloreek. Gainera, Igor Genua bueltan izango da, Estatuko selekzioarekin bost aste etxetik kanpo egin eta gero.
Talde galiziarra ondo, azken partiduetan
Denboraldia nahi bezain ondo hasi ez arren, egoerari buelta ematen ari dela dirudi talde galiziarra. Nagusi izan zen Vigo aurreko partiduan, Sevillaren kontra; eta Valladolideko Salvador ere, estutasunean jarri zuten. Ez da kasualitatea izan. Vigoren hobekuntza honetan zerikusi zuzena izan dute atzerriko jokalarien artean egindako aldaketek. Zeelanda berritik ekarritako jokalariak maila ona ari dira ematen: Nathan George joko zabaltzaile lanetan aritzen da; eta Tongako Maka Tatafuk eskarmentu haundia du, 35 urteko jokalaria da. Sam Hayes berriz, bikain ari da hirugarren lerroan, lesionatu egin zen ordea Salvadorren kontrakoan, eta zalantza da gaurko partidurako.
Etxeko jokalariak ere, kontuan hartzekoak dira: Maguna uztartze erdia, Uruburo atzelaria eta batez ere, Alejandro Blanco, hirugarren lerrokoa, Estatuko selekzioaren deialdietan ohiko bihurtu dena. Lehen aipatutako azken fase honetan, pisu haundia izan du jokalari bat errekuperatzeak: Pakito Usero. Jokalari euskaldun bat ere bada galiziarren lerroetan: hegalean jokatzen duen Jeremy Simon lapurtarra.