SUARI jaten eman behar izaten zaio piztuta mantentzeko, eta hala jarraitzen du Hernaniko bertso-eskolak, astero-astero elkartu eta bero hori mantentzen. Emaitzak ere halaxekoak izan dira. Zazpi kide sailkatu dira Euskal Herriko txapelketara. Horietatik bost final erdietara, eta hiru finalera. Txapela ere Hernanitik nahiko gertu izateko aukera, behintzat, bada.
Egunik ederrena gaur BECen
Iñaki Zelaia, Jexux Mari Irazu, Agin Laburu, Unai Agirre, Beñat Gaztelumendi, Aitor Mendiluze eta Maialen Lujanbio dira zazpi kideak. Eta horiekin astero-astero bildu direnak beste hainbeste eta gehiago. Batzuetan Hernanin, besteetan Aranon, Ereñotzun, Astigarragan... bildu izan dira aurtengo txapelketan. Pasatutako saioa komentatu, eta datorrena prestatu, ez dute saltsarik falta izan. Egunik ederrena gozatzeko esperantzan joango dira gaur BECera, batzuk tabladu gainera, eta besteak haiei bultzada bat ematera. Ea jarioak laguntzen dien. Seguru baietz, baina bestela ere izango dute aukera gehiago, agortzen ez den iturria baita bertso-eskola hau.