Hitzaren jolasa protagonista, gaur, Barakaldoko BECen

Kronika - Erredakzioa 2013ko abe. 15a, 01:00

IRITSI da lau urtean behingo gailurra. Bertsoaren olinpiadan azken eguna geratzen da, finala, hitzak josten abilena zein den jakiteko zita. Hitza­ren jolasak hartuko du gaur protagonismoa leku askotan, jendetza joango baita zuzenean ikustera, Barakaldoko BECera; baina horrez gain, audientzia haundiak espero dira telebista bidez ere (ETBk zuzenean emango du finala). Audientzia haundieneko herrietan bat Hernani izango da, bertako bertsolari batek defendatu behar baitu txapela, Maialen Lujan­biok, hain zu­zen ere, 2009an Andoni Egaña haundiari kendutakoa. Aurten ere askoren kinielatan hernaniarra da faborito, baina ez du nolanahiko koadrila txapelari begira. Iparraldeko bikote bat indarrean sartuko da: Amets Arzallus iaz buruz burukoa Lujanbiori jokatu ziona, eta Sustrai Colina, beti koska bat gora egiten ari den urruñarra. Hernaniko bertso eskolako bi jostun fin askoak ere hor izango dira, punturik korapilatuenak egiteko gai: Aitor Men­di­lu­ze eta Beñat Gazte­lumendi. Durangarrak beste bi, BEC­eko entzuleentzat azalpen gu­txi behar dutenak. Unai Itu­rriaga, aurten juxtu-juxtu finalera sartu dena, baina denetan beteranoena, bost finaletan kantatua, eta 2005ean Egañari txapela jokatu ziona buruz buru. Igor Elortza berriz, hiru finaletan kantatua, 2009koan egon ez zena, baina aurten oso maila onean iritsi dena. Zortzigarrena, goierritarra, Aitor Sarriegi, bi aldiz segidan finalean sartu dena, azken pos­tuan izanagatik, eta aurten ere flakirik azaldu ez duena.


Saioa, bi zatitan
Txapelduna zein den 20:00­­ak aldera jakingo da. Bi saio izango dira hori erabakitzeko. 11:00etan hasiko da goizekoa, eta 16:00­e­tan arratsaldekoa. Tartean, bazkaltzeko bi ordu inguru izango dira.


Colina, «aukera guztiak buruan ditut»
Colinak garbi esan zuen BECera ezer deskartatu gabe joango dela. «Nere helburua da BECen izango dudan ber­tso bakar bat ere alperrik gal­tzen ez uztea». Beteranoena bera zela azpi­ma­rratu zuen Iturriagak: «finaleko zaharrena naiz, eta pozten naiz ez nabarmentzea asko. Orain dela 20 urteko finalean gazteena, gaur zaharrena. 1993an poz haundia neukan, eta 2013an ere bai». Maialen Lujanbiok gozatu egin nahi luke, eta gozarazi. «Eguna gozatzea dut helburu, baina horretarako bertsotan ondo ari behar da. Horrez gain, badakigu hau lau urtean behingo zita garrantzitsua dela, eta nahi nuke bertsozaleak gozatzea hor sortuko den giro horretaz». Elortzarentzat urte berezia da 2013a, berriz finalean sar­tzea lortu baitu. Baina durangarrak dioenez, 2013an gauza gehiagogatik ere bada berezia. «As­ko aldatu dira gauzak 2009 hartatik. Oraingo krisia eta egoera politikoaren aldaketarik ez zen 2009an, eta horrek asko alda­tzen du ber­tsogintza ere». Gaztelumendi izango da gazteena aurten, eta berak dioenez bere belaunaldiaren or­dez­­kari izan nahi du. «Eta pertsonalki aur­ten mo­men­tu onean ha­rra­patu nau baina sentitzen naiz txapelketan saio gris sa­marrak atera zaizkidan be­zala. Fina­le­an eman nahi dut onena». Mendiluzek funtsera jo du, bere asmoak azaltzean. «Bertsoak espero ditut. Testu hutsetik harago ulertuta. Ni neroni gehiagorako gai naizela uste dut, eta nere zatitxoa hobeto egiten saiatuko naiz». Sarriegik asko dezake, eta hori eman nahi du BECen. «Nere helburua da, egin dezakedala pentsa­tzen dedana egitera iristea». Arzallusek garbi dio, «Eus­kal Herriko zazpi ertze­ta­tik etortzen da jendea ho­na, herri eta identitate festa batera. Herri izatetik gertuago egon nahian datorren jendea nahi nuke iluntzean etxera doanean grina hori auspotuta joatea. Txapela baino gehiago mugitzen nau horrek, hori da nere indarra».


43 bertsolari, 13 saio
Guztira 43 bertsolari izan dira txapelketan kantatu dutenak, eta 13 saiotan erabaki dira finalistak zein izango diren. Saio guztiak ia leporaino bete dira, eta antolatzaileak gustora dira jendeak emandako eran­tzunarekin. Gaur ere ez dute faltako lanik antolatzaileek. 13.500 lagun izango dira BECen, horietatik 2.750 au­tobu­se­tan joanda (Her­na­nitik bi). Bazkari txartelak 1.200 la­gu­nek hartu dituzte, eta hartarako lekua prest dute, taberna eta guzti. Haurtzaindegia ere ba­da, 3-9 urte, baina aurrez izena emandakoentzat.

BERTSOLARIAK
Maialen Lujanbio
Hernani, 1976
Aitor Mendiluze
Andoain, 1975
Beñat Gaztelumendi
Añorga, 1987
Amets Arzallus
Hendaia, 1983
Unai Iturriaga
Durango, 1974
Sustrai Colina
Urruña, 1982
Igor Elortza
Durango, 1975
Aitor Sarriegi
Beasain, 1976

EPAILEAK
Eneko Bidegain, Karlos Ibar­guren, Martin
Ara­mendi, Nerea Bruño, Ekaitz Elorriaga, Mirari Azula eta Josu Telleria.

AURKEZLEAK
Joana Itzaina, Saroi Jauregi, Zuriñe Larritu eta Alaitz Rekondo

LANAK
Goiza-15 bertso
Ofiziotan, 8ko haundian
Ofiziotan, 8ko txikian
Puntua jarrita, 3 bertso
Ofiziotan, 6ko motzean
Kartzela, 3 bertso
ARRATSALDEA-10 BERTSO
Ofiziotan, 10eko txikian
Puntuka
Bakarka, 3 bertso
BURUZ BURU-10 BERTSO
Ofiziotan, 6ko motzean
Ofiziotan, 8ko txikian
Kartzela, hitza emanda
Kartzela, 3 bertso

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!