Gabonen bueltan bi ekitaldi antolatu ditu Kantuz abesbatzak. Gaur iluntzerako, Ibaeta abesbatza gonbidatu dute eta astelehenean Gabon kanten jaialdia antolatu dute.
14 kantuko errepertorioa
Ibilbide motza baino oparoa du Ibaeta abesbatzak. 2008an eman zituen aurreneko pausuak Donato Unanue buru zutela. 35 abeslarik osatzen zuten aurreneko koru hura eta egun ia bikoiztu egin dira, 60 kantarirekin. Hasierako helburua zen Eguberrietan, Santa Ageda egunean eta halako festetan Ibaeta auzoa euskal kantuz animatzea. Prestaketa lanak sakondu eta kontzertuak ematera dedikatu dira azken urteetan. Gaur Milagrosan izango dira, Kantuz Abesbatzak gonbidatuta.
Kontzertua iluntzeko 19:30etan hasiko da, eta 14 abesti eskainiko dituzte, Gabonetakoak eta euskal kantuak guztiak:
1. Irten ezazu
2. Birjina maite
3. Hator hator
4. Birjina gaztetxo bat
5. Horra mari domingi
6. Agur Maria
7. Aita gurea
8. Txoria Txori
9. Ilunabarra
10. Xalbadorren heriotzean
11. Herribehera
12. Ama
13. Beti Maite
14. Maite, maite maitia.
Herriko zazpi abesbatza
Gabon kanten jaialdian, astelehenean
Urteko zita garrantzitsuenetako bat izaten da Gabon kanten jaialdia. San Joan Bataiatzailea parrokian izango da aurtengo kontzertua ere, 20:00etatik aurrera.
Herriko zazpi abesbatzek hartuko dute parte emanaldian: Parrokiko korua, Goiz Eguzki, Inmakulada, Ozenki, Musika Eskolako abesbatza, Musika Eskolako Dakapo abesbatza eta Kantuz. Bi abesti kantatuko ditu abesbatza bakoitzak, eta emanaldi hori bukatuta, guztiak elkartuko dira elizako aldarean, elkarrekin abestu eta emanaldiari bukaera ematera.