Txistorra, taloak, musika eta dantza, Santo Tomas eguna ospatzeko

Kronika - Erredakzioa 2013ko abe. 12a, 01:00

San Joan Konpartsak postua jarriko du larunbat goizean, Plaza Berrin. Eguerdian kalejira eta Kalez Kale kantarikoak izango dira; eta iluntzean, erromeria. Igandean, Sorgintxulon ospatuko dute.

Astebete aurreratu, eta Santo Tomas eguna ospatuko da asteburuan Hernanin. Txistor pintxoak, taloak eta bokadiloak egingo ditu San Joan Konpartsak Plaza Berrin; postua jarriko dute, 11:00etatik aurrera. Errifak ere izango dituzte salgai; urdaiazpikoa zozketatuko baitute, abenduaren 21ean. Festara­ko aukera ederra izango da aurten ere, janaz gain, musika eta dantza ere, izango baitira. Kalez Kale Kantariko kideek euskal doinuez jantziko dituzte Her­naniko kaleak, 12:00etatik aurrera. Kalejira ere izango da, Ttarla dantza taldekoen eskutik; Plazatik abiatuko dira, 12:30etan. Eguerdian indarrak hartu, eta festari segida emateko aukera izango da iluntzean Plaza Berrin (eguraldi txarrarekin, Atse­gindegin). San Joan Kon­partsak antolatuta, dantzarako aukera izango da, Patxi Perez taldearen erromeriarekin; 18:30etatik 20:30­etara izango da.

Txistor jatea Sorgintxulon, igandean
Larunbatean aukerarik izan ez, edo txistor gosez geratu denak, igandean ere izango du txistor jatea. Santo Tomas eguna ospatuko dute Sor­gintxuloko bizilagunek. Gai­nera, elkarteko bazkideen artean saski eder bat eta ardo botila kaja zozketatzekoak dira; saskia ikusgai dago elkarteko lokalean. Bazkide, auzotar eta herritarrei egin diete gerturatzeko gonbitea «zorte on guztioi eta disfrutatu festa egunaz».

Santo Tomas egunean, Goiz Eguzkin
Goiz Eguzkiko kideek Santo Tomas egunean bertan egingo dute txistor jatea, hilaren 21ean alegia. Udazkeneko karta eta herri jolasetako sari banaketa ere, egun berean egingo dute; 11:00etan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!