Elias Querejetaren anaia, ilobak, txikitako lagunak, Udal ordezkariak... herritar asko gerturatu ziren atzo Txantxillara. Elias Querejeta izena du atzotik parkeak, futbolari eta zinegile hernaniarraren omenez. Ekainean hil zen Querejeta Madrilen, eta abuztuaren 27ko Plenoak omenaldi xumea egitea onartu zuen, aho batez.
«Querejetak beti izan du Hernani ahoan»
Luis Intxauspe alkateak Elias Querejetaren ibilbidea gogoratu zuen atzo, eta azpimarratu zuen, Querejetak beti izan duela Hernani ahoan, presente. Txikia zenean Txantxilla inguruan jaio eta bizitu zen Querejeta, eta hortik, bertako parkeari izena ematearena. Gracia Querejeta alaba omenaldian egotea nahi zuten, eta orain arte luzatu izanaren arrazoia, hori izan dela azaldu zuen Alkateak: «harremanetan egon gara orain arte, baina Graciaren agenda medio, ezin izan dugu fetxa jakinik jarri. Los Angelesen da orain, grabatzen, eta eskerrak eman dizkigu handik».
«Hernani zen bere aberria»
Hunkituta Juan Ignacio Querejeta anaiak hartu zuen hitza. Eliasek, berak eta gainerako senideek Hernanin bizitutako urteak ekarri zituen gogora. Eskerrak eman zizkien bertaratutakoei, asko, txikitako ezagunak: «hernaniar askok Elias zinegile edo futbolista gisa ezagutzen duzue; baina hemen zaudeten askok, pertsona bezala ezagutu zenuten. Txikitan, parrokiko apaizak esaten zion jaio zela, hanketan baloiarekin, eskuetan liburuarekin eta poltsikoan eskuzko pelotarekin. Baina Eliasen benetako pasioa zinea zen, 8mm-ko proiektorea probatu zuenetik engantxatu zen».
Eliasen nortasunaren inguruan ere, aritu zen anaia: «ez zuen sinesten banderetan, bere aberria, paraisoa, haurtzaroa zen, Hernani. Eliasen arima plaza honetan ibiliko da paseatzen, eta banku hauetan eseriko da, liburu ikustezina eskuartean duela. Bere arimak zintzotasuna, eskuzabaltasuna eta gauzak ondo egitearen balioa transmitituko die bertan jolasten aritzen diren neska-mutilei. Eliasek pertsonen arteko errespetuan sinesten zuen, guztiaren gainetik, hau da, azalaren kolore, arraza, ideologia edo erlijioaren gainetik».
Bi zuhaitz landatzea,
Gracia alabaren nahia
Gracia alabaren esker hitzak transmititu nahi izan zituen Juan Ignacio anaiak, eta haren eskaria ere, plazaratu zuen: «bi zuhaitz landatzea parkean: mimosa eta magnolia».
Hernani belaunaldiz
belaunaldi transmititua
Elisa ilobak azaldu zuen, Querejeta familiarentzat Hernanik beti izan duen garrantzia: «beraientzat edozeren gainetik zegoen Hernani, eta hala transmititu digute ondorengoei beti».
«Elias harro sentituko zen»
Eusebio Muñoak, txikitako lagunak ere, hartu zuen hitza. Elias bizi balitz, harro sentituko zela zioen Muñoak, «bere Hernaniko bizi-tza paraje hauetan egin baitzuen».