Martxan jartzear da Harrera Elkartearen taldea Hernanin. Nondik sortu da? Eta ze asmorekin?
Harrera Elkartea sortu genuenetik, urte eta erdi igaro da, eta orain, helburu dugu, Harreraren taldetxoa Hernanin jartzea martxan.
Taldea, hastapen honetan, preso ohien iniziatibaz sortua dugu, baina irekia da herritarrei edota hauen elkartasun garapenari.
Asmo eta eginkizunei dagokienez, helburu nagusiena eta funtzeskoena da, herri honetan dugun arazo politikoaren ondorioz, preso edota iheslari izan direnei gizarte egokitzapen prozesuan sortzen zaizkien zailtasunak bideratzea, era kolektiboan eta eraginkorrean.
Zeintzuk dira preso eta iheslari ohiek izaten dituzten behar nagusienak?
Herritik kanpo urteak kanpoan egin dituenak, gertatu diren aldaketei aurre egin behar izaten dio. Aldaketa hauek bi norabide nagusi izaten dituzte. Lehena, norberak bere buruarekiko izan dituen aldaketak; eta bigarrena, gizarteak bere garapenean izan dituen aldaketei erantzun beharra.
Beraz, lana bilatzea, etxebizitza, harreman sozial berriak, egunerokotasunera ohitzea…
Hori da. Aldagai desberdinek osatzen dute lehen aipatutako egokitze prozesu hori eta itzuli berri bakoitzak bere premiak izaten ditu. Lehenik, oinarrizko bizi baldintzak ziurtatu behar dira: etxea, xoxa minimo bat bizirauteko… gero etorriko lirateke autonomi ekonomikoaren garapena eta abar.
Elkartetik saiatzen gara premi horiei irtenbideak aurkitzen era kolektiboan, elkartasun esparruak landuz eta koordinatuz.
Zergatik sortzen dira arazoak?
Begira, arazoak izatea guztiz logikoa da pertsona arruntentzat gizarte eta koiuntura honetan. Beraz, preso edo iheslari ohiek arazoak izateak ez gintuke harritu behar.
Egokitzeak bere denbora eskatzen du eta prozesu horretan pertsona bakoitza mundu bat izaten da.
Gehienek, zalantzarik gabe, arazorik gabe burutzen dute; baina izaten dira salbuespenak, eta horiei begira sortu genuen Elkartea. Alegia, sortzen zaizkien katramilei denon artean aurre egiteko asmoarekin. Asistentzia, laguntza eta elkartasuna dugu bidetzat eta helburutzat…
Baina, guzti honetaz datorren ostegunean hitz egingo dugu udaletxeko Areto Nagusian. Beraz, han ikusiko garelakoan, bertaratzeko gonbidapenarekin agurtzen zaituztet.