Endika Barrenetxea erremontista hernaniarra bikotekako txapeldun tituluari eusteko aukerarik gabe geratu zen atzo. Finalerdietako bueltako partidua jokatu zuten atzo Juaristik eta biek, Uterga eta Ionen aurka, eta galdu egin zuten 34-40. Joanekoa eta bueltakoa galduta, finalerako paserik gabe geratu dira.
24 eta 27na, berdinduta
Bikote sendoa osatzen dute Juaristik eta Barrenetxea IVak, baina momentu honetan forma hobean daudela erakutsi dute Uterga eta Ionek. Atzokoarekin, hiru aldiz neurtu dituzte indarrak bi bikoteek txapelketan eta azken hauek nagusitu dira hiruretan.
Atzo, partidu ederra jokatu zuten Juristi eta Barrenetxea IVak, baina hasieratik nagusi izan ziren Uterga eta Ion. 20-10 jarri ziren aurretik. Dena dela, gorriek ondo eutsi zuten eta berdintzera ere iritsi ziren 24 eta 27na. Juaristi eta Barrenetxearen 3 akatsek, ordea, urdinei ireki zien bidea berriz eta Utergak erabaki zuen finalerako pasea. Utergak partidu bikaina egin zuen.
Urriza eta Endika, beste finalistak
Bigarren finalistak ere atzo erabaki ziren. Urriza eta Endikak, finalerdiko bueltako partidua ere irabazi egin zien atzo Etxeberri IV eta Etxeberrria IIIari eta finalean dira. 40-29an geratu zen markagailua. Joaneko partiduan ere antzeko emaitza lortu zuten eta bi partiduetan nagusi izan dira gorriak. Dena dela, bigarren neurketa honetan, joku hobea erakutsi zuten etxeberriatarrek eta aukerak izan zituzten 26na berdindu arte. Azken 10 tantoetan Urrizak argi utzi zuen aldea. Iruñearra nagusitu zen norgehiagoka osoan eta Endika atzelariak emandako laguntza ere nabarmentzekoa izan zen.
Finala, hilaren 21ean
Santo Tomas egunez jokatuko da finala, hilaren 21ean. Aurrez aurre izango dira, Uterga-Ion eta Urriza-Endika.