«Neretzat, pintatzea da bizia»

Kronika - Erredakzioa 2013ko abe. 8a, 01:00

Peio Goellok margo erakusketa jarria dauka abenduaren 18ra arte. Goelloren ibilbide osoa biltzen du erakusketak, 1985etik 2013ra.

«Pintatzea da sukarra, pintatzea da lasaitasuna, alaitasuna, borroka...», Peio Goello­ren­tzat «pintatzea da bizia». As­paldiko urteetan Hernanin bizi den, eta margo tailerrak ematen dituen loiolatar honek afizioz eta ofizioz pintatzen du. Atzo pintatu balitu bezala be­gira­tzen die 1985eko akuarela haiei, eta baita 2007an ordenagailuan egindako 48 ma­rraz­kiko serieari ere. Izan ere, Peio Goellok erakusketa jarri du Biterin, eta abenduaren 18ra arte egongo da bertan. Joan den asteazkenean inauguratu zuen erakusketa, azken 30 urteetako bere margo-ibilbidea erakusten due­na, eta astez da­go ikusgai, 18:00etatik 20:00e­tara.

Ibilbide baten laburpena
 Denetik margotu du 30 urteotan Goellok, baina bi elementu errepikatzen dira gehien: uni­ber­tsoaren irudiak, zeruak, espazioa... Eta oleoan pintatzea. «Ez beti, estrukturak ere egin izan ditut, baina barruak aginduta beti espazioetara joaten zait eskua». 1985eko bi akuarella hasieran. Zerua gauez, izarrez betea, beltza eta txuria kontrastean, ez edonola marraz­tua, birtuosoa baita Goello; ez du pintura bel­tzik erabili bel­tza margotzeko: «go­rria eta urdina konbinatuz, beste kolore batzurekin, beltza ikusi liteke. Espazioa ere beltz ikusten da baina kolorez betea dago». Ikusgarria, baita ere, ordenagailuz egindako 48 marrazkiko seriea. Etenik gabea, bata eta bestea elkartzen dituen elementuak etengabe, hainbat margotzeko estilo nahasian, bidaia bat, kolorez hasi eta ilun bukatzen dena, Egun­ka­riaren itxierarekin: «pentsa­tzea debekatzen bada, zer geratzen zaigu?». Nondik gatozen bilatzetik, nora goazen pentsatzera pasa­tzen da 2010eko lanetan. Tri­kuharriak, «etxea, eta iraganarekin lotzen gaituena», eta berriz espazioa agertzen da. Hainbat lan, artistaren bizi­tza laburbiltzen dutenak. Mar­goari erabat lotua egon den bizitza, eta orain, erakusketan jarri duena. «Sekulako ilusioa egiten du egiten ari zaren lana jendeari erakusteak».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!