Kirola eta eskuzabaltasuna uztartu ditu CD Hernani Atletismo Taldeak San Silvestre lasterketarekin. Izenak berak dioen moduan, abenduaren 31n jokatuko da, arratsaldez. Lasterketa solidarioa izaki, adin guztietako hernaniarrek parte hartzeko aukera jarri dute; hala, adinaren arabera, hiru lasterketa antolatu dituzte.
Plazatik abiatuta,
herrian barrena
Hiru lasterketa izango dira. Partehartzaile txikienak, 0 eta 8 urte bitartekoak, arrasaldeko 18:00etan abiatuko dira. Ondoren, 8 eta 13 urte bitartekoen txanda izango da, 18:05etan. Eta bukatzeko, gaztetxo eta nagusiena, 18:15etan. Abiapuntua eta helmuga bera izango dute hiruek: Gudarien Plaza.
Helduen lasterketa izango da luzeena, 4 kilometrokoa. Plazatik abiatu eta Kaxkoa eta Hernani erdiguneko auzo eta kaleak pasako dituzte: Lizeaga, Zinkoenea, Antziola, Lantsunbe, Latsunbeberri...
Helduen lasterketarekin jarraituta, bi maila izango direla zehaztu dute: emakumeena eta gizonezkoena.
Sariei dagokienean, talde bakoitzeko aurreneko hiru sailkatuentzat izango dira. Saribanaketa lasterketa bukatu bezain laster egingo dute, 18:45ak inguruan.
Izen ematea aldez aurretik edo egunean bertan
Lasterketan parte hartzeko izena eman behar dute: 13 urte bitartekoentzat debalde da eta gainerakoek ordaindu egin behar dute. Izena emateko hiru modu daude: www.kirolprobak.com web orrian eman liteke dagoeneko, eta abenduaren 30a arte egongo da epea zabalik. Pelotadendan astelehenetik abenduaren 28ra izango da aukera, biak barne. Bi kasu hauetan, prezioa 6 eurokoa da. Izena egunean bertan eman nahi duenak ere, izango du aukera. Irteera puntuan, Gudarien plazan, 16:30-18:00ak bitartean eman liteke; kasu honetan, prezioa 10 eurokoa izango da.
Dortsalak,
egunean bertan
Dortsalei dagokienean, izena internet bidez ematen dutenek egunean bertan jaso beharko dute, 16:30-18:00ak bitartean, irteera puntuan. Antolatzaileek azpimarratu dute, dortsalak bularrean jarri behar direla parte hartzeko, eta ondo, agerian, osorik eta doblatu gabe.
Helburua: Wukroko egoera azaldu eta lagundu
San Silvestre lasterketa antolatu dutenek helburu zehatza dute: Wukro. Etiopiako herrialde honek bizi duen egoeraren berri eman nahi da, eta herritarrak kontzientziatu. Garbi utzi nahi dute, lasterketaren harira lortzen diren diru sarrera guztiak Wukro herriari laguntzeko izango direla.
ELKARTASUN ZAPATILA SOLIDARIOA:
Kirola egiteko zapatilak jasoko dituzte, Wukrora bidaltzeko
ELKARTASUN Zapatilla Solidarioa kanpaina ere, jarri dute martxan San Silvestre laterketarekin batera. Wukroko herritarrei kirola egin ahal izateko baliabideak eman nahi dizkiete, kasu honetan, oinetakoak. Kanpaina honen helburua izango da erabilitako oinetako edo zapatillak biltzea, Wukrora bidaltzeko. Lasterketa egunean jasoko dituzte; eskatu dute oinetakoak erabiltzeko moduan egotea, hau da, egoera onean. Jasotako guztia bidaliko da Wukrora, beraz, eta antolatzaileek dioten moduan, badakizue, hemendik aurrera, oinetako bat gehiago ez zakarrontzira!