Ikasgai edo lezio bat eman zuen Joxe Manuel Manzisidor Budyk ostegunean. Halaxe sentitu zuten hitzaldira joan ziren herritar gehienek. Budyk garun paralisia dauka eta liburu bat idatzi du: Garun paralisia daukat, baina ez nago gaixorik. Ostegunean azaldu zuen bere bizia, izan dituen eragozpenak, zer lortu duen eta zein duen bere borroka, besteak beste. Hasteko, 15 minutuko azalpena eman zuen. Budyk ezin du hitz egin eta idatziz eman zituen azalpenak. Ondoren, bertaratutakoek galderak egin zizkioten. Momentu hunkigarriak eta komikoak izan ziren; denetarikoak. 55 lagun elkartu ziren; horien artean, gazte asko. Politeknikotik ere etorri zen talde bat. Ordu eta erdi pasatxo iraun zuen hitzaldiak. Eta hori, gehiago luzatzeko aukerarik ez zelako izan. Jendea oso gustora atera zen eta Koxkak atera duen ondorioetako bat da horrelako gehiago egin behar direla. Bukaeran, irudi ederra: liburua dedikatzeko eskatuz, jendeak ilara luzea osatu zuen.
Bideoa ikusgai
Koxka elkarteak bideoz grabatu zuen hitzaldia eta interneten jarriko da ikusgai. Prest dagoenean, jakinaraziko da.