«Herritarrek sentitu behar dute edozer gertatzen denean, gu hor gaudela»

Kronika - Erredakzioa 2013ko abe. 7a, 01:00

Udaltzain izatetik, Udaltzainburu izatera. Herri txiki batetik, herri haundi batera. Aldaketa nabarituko duzu.
Bai, ez du zerikusirik Lezo­koarekin. Udaltzaingoak talde lotura izatea, talde kohesio horretan asmatzea da orain nere zeregina. Taldea motiba­tzea, indartzea, giro ona izatea... eta 29 kideko talde bat ondo gestionatzea zaila da. Salto haundia izan da eta denbora asko eskaini behar zaio, baina oso gustora nago. Gaine­ra, Udaleko sail guztiekin gau­de orain harremanetan, sarea ondo egituratzea lortu dugula uste dut. Dimentsio haundiko lana da, Hernani dinamika desberdinez betetako herri bizia baita.

Zeintzuk dira Hernaniko udaltzainen zereginak? Ze eredu jarrai­tzen duzue?
Udaltzainok konpetentzia asko ditugu. Trafikoaz gain, Udal Ordenantzak betetzea da gure zeregina eta hor mila gauza daude: hondakinak, txakurrak, zaratak, istripu­ak… baina jarraitu nahi den polizia ereduaren arabera dago zertan sartu nahi dugun gehiago edo gutxiago. Ezin da dena kodigo penalera mugatu. Zentzu horretan, Udalak finkatu du ze eredu nahi duen: herritarrengandik hurbil dagoena, euskalduna, demokratikoa, parekidea, prebentiboa eta eraginkorra. Eta nik horrekin bat egiten dut. Udaltzainek eta herritarrek elkar ezagutu behar dute eta herritarrek sentitu behar dute edozer gerta­tzen denean gu hor gaudela. Baita proposamenak eta kejak jasotzeko ere.
Udaltzainon lana, zerbitzu publikoa da. Udalerria zaintzea da gure helburu nagusia. Nik hori argi dut eta horrek dakar talde lana. Norabide berdinean lan egitea, helburu berdina izanik. Guz­tiok hernaniarren mesedetan lan egitea. Eta gure lanean ezin ditugu ahaztu aniztasuna, errespetua eta berdintasuna. Eta hori lortzen da kalean egonda, arazoak eta kezkak dauden lekuan egonda. Udal­tzainak kalean daude.
Alde horretatik, pozik nago. Herritarrak hurbildu egiten dira udaltzainongana, kalean gaudenean edo egoitzan. Ger­tutasuna sentitzen dugu eta bide honetatik jarraitzeko asmoa dugu zalantzarik gabe.

Orain bi urte herri barruko trafikoa aldatu zen, Kaxkoan oinezkoek lehentasuna izan zezaten. Lortu al da helburua?

Trafiko aldaketak eginak zeuden ni etorri nintzenerako, baina aldaketa horiek egin ziren, mugikortasunari lotuta, beste eredu bat bultzatzeko, Kaxkotik ko­txeak ateratzeko eta Kaxkoak bere izaera manten­tzeko. Nere ustez, hori lortu da eta fun­tzionatzen du. Kaxkoa bizia da, eta jendea lasai ibiltzen da bertako komertzio eta tabernetan. Egun, helburuak jarrai­tzen du izaten, barneko trafikoa antolatu eta kanpokoa saihesbidetik bideratzea. Eta hori ez dugu lortu, mugikortasun ohiturak aldatu ez ditugulako.
Nolako gidariak dira hernaniarrak?
Normalak. Batez ere isunak aparkalekuengatik jartzen dira. Egunero etortzen da norbait isunen bat ordaintzera. Gaizki aparkatzea edo behar baino denbora gehiago pasa­tzea izaten dira arrazoiak. Horri lotuta, saiakerak egiten ditugu eta anbulategi inguruan, esaterako, bertara doazen eta beharra dutenentzat kotxea ordubeteko tartean uzteko aukera jarri dugu. Elbarrituen gunea ere jarri dugu.

Isun gehienak aparkalekuekin lotuta direla diozu. Nahikoa aparkaleku ba al dago Hernanin? TAO sistema gehiago zabaldu behar al da?

Aparkaleku arazoa dagoela esaten da, baina kontua ez da ez dagoela aparkalekurik, kontua da ez dagoela gure etxe ondoan. Herri edo hiriak ez dira kotxeen arabera egin, biztanleen arabera baizik. Kotxeak gero etorri dira eta saiakerak egiten dira egungo bizimodura egokitzeko, baina beti ez da posible. Hernaniren kasuan, Karabel hor dago aparkatzeko leku pilarekin. Igogailuak Kax­koan jartzen zaitu berehala. Ohiturak aldatu behar ditugu.
TAO sistemari dagokionean, Kaxkoan zona urdin gehiago jartzea aztertzen ari gara, Txirritan eta Orkolagan, esaterako. Sistema zabaltzen joatea da asmoa behintzat.

Lizeaga bada aparkaleku arazoak dituen auzo bat. Gainera, bidegorri berriarekin denak ez dira gustora, aparkaleku gutxiago baitago orain...
Udalak bilerak egin ditu auzo elkarteekin. Batzorde bat badago eta bertan landutako gaia da. Gainera, mugikortasun ereduari lotuta dijoa bidegorri sarea eta Institutuak planteatutako kontua ere bada. DBH eta Batxilergoko ehundaka ikasleri erantzuten die. Horien joan-etorria garrantzitsua da eta horiei erantzuna eman behar zaie denak ez daitezen kotxez joan gurasoekin. Gainera institutuan ez dago lekurik horretarako. Gazte horiek autonomoak izatea ere bultzatzen du. Eta bidegorria denontzat da, ez ikasle horientzat bakarrik.
Bide hezitzaileak ere baditu Hernaniko Udaltzaingoak. Ikastetxeetako ikasleekin aritzen zarete lanean.
Oso garrantzitsua da gazteekin gaia lantzea. Baina askotan pentsatzen dugu nahikoa dela, beraiek direlako etorkizuna; baina heziketa helduek ere behar dugu. Gizarte zati haundi bat dago ikutu gabe, 40-50-60 urte ingurukoak, eta ekarpen berbera egin dezakete. Txipa aldatzea besterik ez da.

Uholdeak. Orain bi aste ere alertan egon ginen. Obra berri bat egiten hasi dira Karabelgo zubian. Zerbait erremediatuko al da?
Hasteko, argi eduki behar dugu non bizi garen: Urumea ondoan gaude, Añarbe urtegia daukagu eta ur ondoan eraiki dira etxe eta enpresak. 2011ko uholdeen ostean, ba­tzorde bat osatu zen eta URAk aktuazio desberdinak proposatu zituen. Horien artean, ibaia garbitzea, zuhaitz eroriak eta harri haundiak kenduz. Hori, Karabel-Landare bitartean egin da.
Eta beste aktuazio bat da, Karabelgo zubi berria egitea. Oraingoak hankak dauzka eta berriak ez du hankarik edo zutaberik izango, urari bidea errazteko. Beraz, egiten den guztia onerako izango da. Baina noski, kolpera euri asko egiten hasten bada eta lurrak ezin badu xurgatu, urak bere lekua hartuko du.  Hala ere, lasai egoteko esango nieke herritarrei, informazioa eta baliabideak bai baititugu ahalik eta ondoen gestionatzeko uholde arriskuak.

Hori horrela, uholde arrisku baten aurrean, ze pauso ematen dituzue?
Hasteko, Euskalmeten aurreikuspenak eta SOS Deiak-en abisuak hartzen ditugu kontuan. Bestalde, Euskalmeten web orrian Urumearen egoera zein den ikusi daiteke eta jarraipena egiten diogu. Ereñotzuko estazioko datuak agertzen dira eta 10 minuturo berritzen dituzte. Horrez gain, Añarbeko informazioa ere jasotzen dugu eta beraiekin harremanetan gaude. Arrisku maila desberdinak zehaztuta daude eta informazio hori guztia eskuartean, bildu egiten gara krisi mahaia osatzen dugunak eta erabakiak har­tzen ditugu. Arriskua sortzen hasten da ura 1,5 m-tik pasa­tzean. 1,8ra bitarte, alerta maila diferenteak daude.
Txotx denboraldia. Jendetza. Nola gestionatzen duzue?
Larunbat gaueko zerbitzua indartzen dugu. 12 orduko zerbitzua izaten da, 18:00etatik aurrera eta 8-10 udaltzain aritzen dira lanean. Egun normaletan, 4-5 aritzen dira turno bakoitzean. Ez dira gau arruntak eta esfortzua eskatzen dute. Kalean presentzia asko izatea garrantzitsua da eta saiatzen gara giro ona izan dadin, gure lana ahalik eta ondoen egiten. Kaxkoan jar­tzen dugu batez ere indar gehiena. Eta bizilagunek oso balorazio ona egin digute. Horrez gain, patrulla bat ere ibiltzen da Kaxkotik kanpo.
Trafikoari dagokionean, berriz, autobus asko etortzen dira eta Ibaiondora eramaten ditugu. Larunbat gau batean 80 bat autobus bildu ohi dira.

Emakumeen aurkako erasoak, be­rriz, ia eguneroko kontu dira, ezta?
Egia da kasu dexente daudela Hernanin. Eta gainera, beste herrietan bezala, bikote gazteen arteko liskarrak areagotu egin dira, hau da, 30 urtetik beherakoen artekoak. Eta hirutik bat, gaztetxoak izaten dira. Neska askorentzat, zaila izaten da halako egoerei aurre egitea arrazoi bat edo beste tarteko, eta beste neska gazte asko ez dira konturatzen eraso baten aurrean daudela: mobila kontrola­tzea, lagunak kontrolatzea, neurri gabeko jeloskortasuna... zantzu ba­tzuk dira eta iruditzen zait arretaz hartu behar direla kasu horiek. Aza­leratu egin behar dira eta ez dira normal­tzat hartu behar. Udalak baditu baliabideak bi­deratzeko, Ber­din­tasun saila eta On­gin­tzan. Salaketak, be­rriz, epaitegira joaten dira zuzenean.

Eta delinkuentzia aldetik, nola dago Hernani?
Lapurreta txikiak dira orain nagusi: poltsak, mobilak, dendetako produktuak... Enprese­tan gaur egun, lapurreta gutxi egiten dira. Estafa txikiak ere badira. Eta jendea kontuarekin ibiltzeko diot: besarkadaren taktika ari da zabaltzen. Batez ere adinekoengana gerturatzen dira eta ezagutzen dutenaren plantak egiten dituzte besarkatu eta soinean dutena lapurtzeko. Lapurreta asko ere, hilabete bukaeran izaten dira, pen­tsioak kobratzeko garaia denean. Hori horrela, zainketa bereziak egiten hasi gara.

ERRUMANIARREN KANPAMENDUA
«Ez da jende gehiago sartu ez txabola berririk egin»
Errumaniar kanpamenduko proiektua martxan jarri zenetik darama gaia Pikabeak eta astero joaten dela bertara azaldu dio Kronikari. Romi Bidean elkartekoekin ere harremanetan dago. Hori horrela, entzun izan dituen komentarioak gezurtatu nahi izan ditu. «Udalak apirilean finkatu zuen Hernaniko kanpamenduari dagokion populazioa eta txabola kopurua. Zeregin horretan aritu nin­tzen ni. Eta ordutik ez da ez jende gehiago sartu ez txabola berririk egin. Bertan bizitzeko arautegi bat zehaztu genuen eta bertan bizi nahi dutenek konpromisoa hartu dute baldintza horiek betetzeko. Bete ezean, kanpamendutik kanpo geratuko dira eta txabola bota egingo diegu. Beraz, Udalak ez die txabolarik egiten», dio Udaltzainburuak. «Hori badakite horrela dela eta onar­tzen dute», argitu du.
Dagoeneko, 11 txabola bota dituzte eta 20 errumaniar joan dira kanpamendutik. Orain 26 txabola daude eta 47 errumaniar; horietatik 9 umeak dira.  Baldintza horien artean daude: umeak eskolaratzea, txertoak jartzea, osasuna zaintzea, higienea, deliturik ez egitea... «Horrez gain, urtean bi hilabetez daukate kanpamendutik ateratzeko aukera, baina baimena eskatu behar dute eta denbora gehiago pasatzen badute kanpoan, txabola bota egiten diegu», gaineratu du.

«Helburua da, ahalik eta bizi baldintza onenak izan ditzatela»
«2017an dauka epe muga proiektuak eta bitartean ari gara pausoak ematen ahalik eta bizi baldintza onenak izan ditzaten eta handik atera eta leku hobe batera joan daitezen: egoitza edo etxeren batera, esaterako. Pauso horiek emateko laguntza ematen ari gara», dio Pikabeak. Orain, hondakinen kudeaketarekin ere ari dira. Hondakinak sailkatzeko 3 gune jarri dituzte. Ura edangarria ere jarri diete. Argia, generadore bidez daukate eta hori ere antolatu beharrean direla azaldu du. Bioeraikuntza ikastaroan egin ziren bi eraikinak ere bertan daude. Bertako biztanleen beharretarako erabili behar direla pentsa­tzen dut. Baliabidea aprobetxatu behar da.
Bestalde, zenbait txabola bota egin direnez, orain 5 bat txabola aparte xamar daudela azaldu du Pikabeak eta hobeto antolatzeko eta plaza izaera emateko, txabola horiek besteen ondora gerturatzeko asmoa dute. «Mugitu egingo ditugu lekuz, baina ez ditugu hobetuko ez haundituko. Udaberri aldean egingo dugu seguruena. Zain gaude kanpamendua guztiz egonkortu arte, bertan geratuko direnak zenbat izango diren jakin, eta ondoren behar bezala antolatzeko».
Beste kontu bat ere azpimarratu du: «Ez dezagun ahaztu Txoritegiko kanpamendua ere, Hernaniko Larrialdi Planaren barruan dagoela, Urumea ertzeko beste hainbat auzo eta industria guneekin batera».

Udaltzaingoa eta euskera
Euskeraren erabilera ere bada Hernaniko Udaltzaingoak kontuan
har­tzen duen alor bat. Hala azaldu dio Andoni Pikabeak Kronikari: «Udalak euskeraren inguruko plangintza berria onartu zuen azken Plenoan eta sail guztietan ari dira urratsak ematen herritarren hizkuntza eskubideak errespetatzeko. Udaltzaingoan ere bai. Udaltzain guztiok dakigu euskeraz eta pausoak eman ditugu eta ematen ari gara lan arlo guztietan euskeraz aritzeko. Programak euskeratzen ari gara eta idatziak, txostenak, bilerak... dena euskeraz egiten dugu. Helburua da, gure barruko lanean ere euskera izatea lan hizkuntza eta ez bakarrik herritarrekin komunikatzeko. Hori bai, hemendik kanpo zailagoa da. Foru Aldundiarekin eta Jaurlaritzako sail batzuekin ez dugu oztoporik izaten, baina bai beste batzuekin, hala nola, Ertzaintza eta  Osakidetzarekin. Udaltzaingoak ekoizten duen gehientsuena euskeraz ekoizten du eta bide honetan sakontzen ari gara».
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!