Nerea Puente 36 urteko ekintzaile hernaniarra da, nahiz eta egun, Tolosaldean bizi. Orain dela 3 aste, bere negozio propioa martxan jarri zuen. Hain zuzen, sukaldeko tresnak saltzeko denda on-line: www.menajeando.com. Ia 100 produktu dauzka salgai. Halako proiektuak martxan jartzea hain zaila ez dela dio eta gazte ekintzaileak animatu nahi ditu: «Hasieran zaila iruditzen zitzaidan guztia martxan jartzea, baina orain ez zait hainbesteraino iruditzen. Gogoarekin egin dut eta ilusioa baldin badago, ez da hainbeste kostatzen», dio.
«Faltan bota dut laguntzarik ez izatea»
Puentek ez du diru laguntzarik izan, negozioa martxan jartzeko aukera izan du paroa kapitalizatuta, eta «laguntza morala ere» faltan bota duela dio: «Halako proiektuetarako laguntza askorik ez dago oraindik eta beharrezkoa da. Gipuzkoako Ganberak laguntza ematen du Bideragarritasun Plana egiterako orduan, baina azkenean norberak egin behar du. Aholkuak jasotzeko ere ez dut inor izan». Hori horrela, edozein ekintzaileri laguntzeko prest dago, bere esperientzian oinarrituta. Interesa duenak berarekin harremanetan jarri besterik ez du (943 67 99 55 edo nerea@menajeando.com).
«Internet bidez gero eta gehiago saltzen da»
Puente 6 urtez aritu zen lanean sukaldeko tresnak internetez saltzen zituen enpresa batean. Batez ere administrazioan aritzen zen lanean eta lan kargarekin nazkatuta, lana utzi eta arnas pixka bat hartzeko aprobetxatu zuen. 3 hilabeteren ostean, buruari bueltak ematen hasi zen eta bere negozio propioa jartzea erabaki zuen, arlo berdinean: «Egiten nekiena aprobetxatzea pentsatu nuen, baina nere ikutua emanez eta nerera moldatuz». Puentek dio interneten gero eta gehiago saltzen dela eta sukaldeko tresnek badutela tiradizoa. «Eta arrakasta izatea baino, helburua da, bizitzeko adina ateratzea», dio.
Ezagutzera ematen
Negozioa martxan jartzeko eman dituen pausoak ere azaldu ditu: «Hasieran, bururatzen zitzaidan guztia apuntatzen nuen. Gero forma eman eta diru laguntzen bila hasi nintzen. Aurrekontuak eskatu eta hornitzaileekin harremanetan jarri nintzen. Produktuak erabaki eta web orria programatzea izan zen azkena».
Hasierako 3 asteak izateko emaitza onak izan dituela dio Puentek eta kontentu dago. «Orain, ezagutzera emateko lanean ari naiz: sare sozialetan, blogean, sukaldaritzako blogekin harremanetan...».
Azken eguna gaur, diru laguntzak eskatzeko
Lanbidek eta Buruntzaldeko Udalek dirulaguntzak emango dizkiete negozio berriren bat jarri nahi duten herritarrei. Dirulaguntzak eskatzeko bi deialdi atera dituzte: negozio ideiaren azterlana egiteko 1.500 euro, eta enpresa ideia martxan jarri edo alta emateko 1.500 euro. Gaur da izena emateko azken eguna.
Andoaingo Udalean eman behar da. Informazio gehiago: 943 30 42 21 edo ekinean@andoain.org.