«Aurreneko kajen bila eguerdi edo arratsalde partean pasa beharko genuela kalkulatzen genuen, baina goizeko 10:00etarako deika hasi ziren dendetatik, furgonetekin bila joateko esanez. Ostirala erotzekoa izan zen. Gure furgonetekin bakarrik ez ginen iristen. Larunbatean hobeto antolatu ginen, baina erritmo berean ibili ginen. Jendea gauerdiraino aritu zen turnoa egiten». Halaxe kontatu dio Kronikari Tomas Loinaz Gipuzkoako Elikagaien Bankuko kideak, azken janari bilketa kanpaina honetan bizitakoa. Eta oraindik atsedenik hartu gabe jarraitzen dute: «Oraindik kamioiak deskargatzen ari gara eta zentro haundienak falta zaizkigu. 1.000 m2-ko gune bat utzi digute eta ezin kabitu gabiltza. Ibarluzen, Garbigunearen ondoan, beste 250 m2 inguruko almazen bat ere utzi digute. Orain, elikagaiak pilatzea da zeregina eta behin hori eginda, sailkatzen hasiko gara. Orduan ere jendearen laguntza beharko dugu eta egingo dugu deialdia», azaldu du Loinazek.
Bikoitza baino gehiago
Oraindik janari guztia pilatu ez dutenez, ez dakite seguru zenbat kilo lortu dituzten, baina kalkulatzen dutenez, Gipuzkoa osoan 250.000 kilo behintzat lortuko dira. «100.000 kilo biltzea aurreikusten genuen. Bikoitza baino gehiago lortu dugu. Erantzuna sekulakoa izan da; arrakasta erabatekoa. Hernaniarren eta gipuzkoar guztien kolaborazioa izugarri eskertzen dugu», nabarmendu du Loinazek.
«Janari gehiago banatzen hasiko gara»
Janari banaketari dagokionean, hilean behin jasotzen du familia bakoitzak dagokion janaria. Eta Loinazek azaldu du, lortutako janari pila dela eta, kopuru horiek aldatu egingo dituztela: «Familia bakoitzari janari gehiago emango zaio orain. Guztia ondo antolatzen dugunean, kalkuluak egingo ditugu berriz».