Lurrik ikutu gabe ari zirela ematen zuen, eta Ioritz Galarraga eta Laura Olaizolak azpeitiarrek merezita irabazi zuten atzo, Gazteen Dantza Suelto Txapelketa. Elegantzia denaren gainetik eta biak bat eginda bezala aritu ziren, sueltoan baina batera, tabladuko egurrari zapaldu haundirik eman gabe.
Urola nagusi
Lehenengo saria bakarrik ez, ondorengo hirurak ere Urola bailarara joan ziren, eta bosgarrena Lezora. Bigarren, Ibarzabal-Larrañaga, azpeitiarrak; hirugarren, Uzkudun-Eizmendi errezildarrak; laugarren, Iriondo-Lizaso azpeitiarrak; eta bosgarren Bolintxon-Aginaga lezotarrak. Guztira 14 bikotek parte hartu zuten, bost herritatik etorrita, eta bete egin zen Biteriko areto nagusia.