«Ez nuen espero deitzea, txistuak ez baitu inoiz parte hartu horrelako txapelketa batean»

Kronika - Erredakzioa 2013ko abe. 7a, 01:00

Hernani eta txistuarentzat berri paregabea iritsi da Jon Ansorena Mujika txistulari hernaniarraren eskutik; asteburu honetan, maila gorenean izango baita. 21 urteko txistulari gazteak, 12º Certamen Na­cional de Interpretación Intercen­tros Melómano txapelketan hartuko du parte, Madrilen. Musikene ordezkatuko du, beste 4 ikaslerekin batera eta harrituta dagoela azaldu dio Kronikari: «Egia esan, ez nuen espero. Biolina, txeloa, pianoa... horiek bai, baina nik dakidanez, txistuak inoiz ez du parte hartu halako txapelketa batean. Madrilen izana da beste emanaldietan, baina halako mailako txapelketa batean ez». Hori horrela, partitura moderno eta kontenporaneoa daramaki Ansore­nak.

Gaur, sailkapen fasea
Txapelketa hau jokatzen da, Estatu osoko goi mailako kon­tserbatorioetako ikasleen artean. Zenbat aurkeztuko diren ez dakitela azaldu du Ansorenak: «Kontserbatorio guztiak ez dira aurkezten eta batzuek musikari bat bakarrik aurkezten dute, Kanarie­ta­koak, esaterako. Bertan jakingo dugu». Bi fase izango ditu txapelketak. Gaur sailkapen fasea izango da eta epaimahaiak erabakitakoak finalera pasako dira. «Finalera pasako direnen ko­pu­rua ez dago zehaztuta. Tribunalari gustatzen zaizkionak pasako dira», azaldu du txistulari hernaniarrak. Parte hartzaile bakoitzak bere instrumentua joko du eta guztiak desberdinak direnez, jotzeko modua eta adierazteko modua da baloratuko dutena. Ansorenaren helburua, bere lana ondo egitea da: «Punta-pun­tako musikariak egongo dira eta finalera pasatzea bera, krixtorena izango litzateke», dio.

Musikenen ikasten
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako goi mailako musika ikastetxe bakarra da Musikene eta bertan dabil Ansorena, txistu ikasketak bukatzen. Hirugarren mailan dago eta laugarrena geratzen zaio. Musikenek sona haundia du Estatu mailan, eta baita Europan ere.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!