Ostegunean izango da kalean ‘Gora’ disko berria

Kronika - Erredakzioa 2013ko abe. 1a, 01:00

ESNE Beltzak disko berria aur­keztu zuen asteartean, Gora!. Bosgarren diskoa ere Esne Zopak proiektuaren parte da. Hamar musikarik osatzen dute taldea eta azken diskoetan bezala, honakoan ere kolaboratzaileen la­guntza izan dute ia abesti guztietan. Kantu gehienak Xabier Solano ereñotzuarrak eginak dira; Jon Elizaldek eta DZkren abestiak ere, biltzen ditu disko berriak. 17 abestiz osatua dago disko berria; Do­nostiako Koldo Mitxe­le­nan egin zuten aurkezpenean jo zituzten horietako batzuk. Diskoaren grabazioa eta entsaioak Ereñotzun egin dituzte; eta nahasketa eta aho­tsak Badozen, Lapurdin, gehitu dituzte. Esne Beltzaren soinua berehala antzeman litekeela azaldu zuten aurkezpenean, baina toke modernoak ere badituela azpimarratu zuten, berritzailea dela, alegia.

Durangoko azokan, salgai
Ostegunetik izango da salgai Esne Beltzaren disko berria, Durangoko Azokan jarriko duten postuan. Azoka bukatua izango da dendetan erosteko aukera. Kontzertu bira berriz, otsailean hasiko dute. Abenduaren 5etik 8ra izango da zabalik Durangoko Azoka, eta urtero bezala, dozenaka stand edo postu izango dira euskal kulturarekin lotuta. Betiko liburu, cd, egutegi, jolasak eta bestelakoak izango dira aukeran; eta nobedadeak aurkezteko plaza ere, izango da aurten Du­rangoko Azoka. Ekitaldi eta kontzertuak ere badira azokaren parte; aurten 130etik gora antolatu dituzte. Herrialde gonbidatua ere izango dute aurten, Eskozia; azoka egunetan kultura eta politika izango dituzte hizketagai.

Esne Beltzaren bideoklipa, sare sozialetan
Disko berriaren bideoklipa ere, aurkeztu zuen Esne Beltzak. Ikusteko, sare sozialetan, Esne Beltzaren orrian.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!