Ikastetxeetan ospakizunak eta Udal eraikinak itxita, gaur, Euskararen Egunean

Kronika - Erredakzioa 2013ko abe. 3a, 01:00

Erakusketa ere izango da Biterin, 10:00-12:00 eta 17:00-20:00. Horrez gain, ostegunean mintzodromoa antolatu dute eta kale antzerkia ostiralean, Euskararen egunaK egitasmoan.

Euskararen Nazioarteko Eguna da gaur eta herriko ikastetxeetan hainbat ekintza antolatu dituzte. Udalean ere ospakizun eguna dute eta Udal eraikinak itxita egongo dira; baita Kiroldegia ere. Bes­talde, jakinarazi dute, abenduaren 6an, zerbitzu guztiak lanean izango direla, Udal langileentzako lan eguna izanik.


Erakusketa Biterin
Egun hauetan, Euskararen egunaK egitasmoa antolatu du­te herriko talde desberdinek eta Euskerari buruzko erakusketa jarria dago Bite­rin, atzotik. Ikaste­txeetako ikasleek euskeraren inguruan egindako lanak daude ikusgai. Ostegunera arte izango dira ikusteko aukera 10:00etatik 12:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Gaur itxita egongo dira Udal eraikinak, eta baita Biteri ere. Hala ere, aldameneko atea ireki egingo dute, eta erakusketa ikusteko aukera izango da.


Mintzodromoa, ostegunean
Mintzodromoa izango da ostegunean, Biterin (eguraldi txarrarekin, Atsegindegin). Bi saio izango dira: 10:00etan eta 18:00e­tan. Ostiralean, berriz, kale antzerkia antolatu dute eta euskeraren aldeko topa.

Sera: «Euskeraz dakitenek erabiltzen badute, inguratzen ari direnak motibatu egiten dira»

Euskerak Hernanin ze bi­de egin duen azaldu zuten igandean tour linguistikoan, eta besteak beste, euskera erabiltzearen garrantziaz ari­tu ziren. Adibidez, Serak adie­razi zuenez, bera 11 urte­rekin etorri zen Hernani­ra, erabat giro erdaldunean bizitu zen, eta Institutuan hasi zen euskal mundua zer zen pixka bat ikusten eta horra inguratzen. Euskeraz ikasteko prozesuari buruz esan zuen, berarentzat oso ga­rrantzitsua dela dakitenek hitz egitea. «Mundu ho­rretara inguratu nahi duena­ren­tzat, euskeraz entzutea ba­karrik oso motibagarria da».

Etorkinen ahalegina
Geldialdiak eginez egin zu­ten euskeraren historia txiki bat. Hernani euskeraz bizi zen orain dela 100 urte, adibidez. Foruak kendu izanak gainera jendea euskeraren alde jartzea ekarri zuen eta loraldia bizitu zuen. Gero Gerra Zibilak dena frenatu zuen eta horren ostean euskera debekatu eta erabat erdaldundu zen Hernani.
Geroago, 60-70ko hamarkadetan jendetza haundia etorri zen Hernanira, eta are eta gehiago egin zen erdara  kaleko hizkuntza. Franko hil eta on­doren hasi zen beste berpizkunde bat euskerarentzat, eta hor kanpoko zein bertako ari­tu ziren lanean, batzuk erakusten eta besteak ikasten. Joanjo Uriak azpimarratu zu­en etorkinen me­ritua. «Nik ika­­si nuen haiek ere beren he­rrietan gorriak ikusita etorri zi­re­la hona, eta hemen pixkanaka integratzen saiatu egin zi­ren asko. Hori estimatzekoa da».
Urko Apaolazak egin zi­tuen historiako aipamenak, Pepi eta Jone Errazkin aritu ziren hezkuntzari buruz hizketan, Xabier Iriartek ere hitz egin zuen... Trikitixa soinuarekin herrian barrena goiz pasa polita egin zuten, Joxe Luis Urdangarinek gidatuta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!