Bizkaiko mugatik, Arabako lautadan barrena

Kronika - Erredakzioa 2013ko abe. 1a, 01:00

Pasaia ederra eta aldakorra
Bi etapa hauetan paisaia ederrak eta oso desberdinak ikusiko ditugu. Biz­kaiko mugatik abiatuta, Estibalizko muinora, hainbat bazter bitxi eta berezi aurkituko ditugu. Bizkaiko ataria den Otxandioko hiribildua utzi ondoren, Miru­gain mendian ehun urtetik gorako pago lepatuen baso zabalak eta Albinako urtegi ederra ezagutzeko aukera izango dugu. Aurrerago, beste bi urtegi, Urruna­gakoa eta Uribarrikoa, eta Zadorra ibaiertzeko basoak ezagutuko ditugu. Estibaliz aldera hurbildu ahala, mediterraneo aldeko giro bereizgarria nagusitzen joango da. Lehenengo etapa oso etapa polita da. Paisaia oso aberatsa eta aldakorra du. Bidearen lehenengo zatian Arabako iparraldean dauden basoen barruan murgilduta ibiliko gara. Udaz­keneko koloreek osatzen duten paisai zoragarriaz gozatuko dugu. Legu­tiotik aurrera Arabako lautada baino lehenago dagoen paisai mediterraneoz inguratuta ibiliko gara. Abiadura handiko trenaren obrak dauden zatian izan ezik, ibilbideko bi etapak marka zuri-gorriez oso ongi adierazita daude eta galtzeko aukera gutxi dago. Ibilbi­dearen lehenengo herenak Artzaintza naturbidea den GR282arekin bat egiten du.

4. ETAPA

Otxandio herritik, Urkiola ibai gaineko zubia zeharkatuz atera eta Uribarri kaletik hilerri aldera egin. Hilerrira iritsi baino lehen ezkerrera hartu. San Roke ermita atzetik errepide batera iritsi. Errepidea gurutzatu eta aurreko pistatik  jarraitu. Olazar erreka zubi batzuei esker zeharkatu ondoren, bidegurutze batera iritsi. Eskuinera hartu eta Gorrien bidera arte segi. Errepidea gurutzatu eta eskuinean geratzen den pista hartu. Atakatxo bat pasa eta, aurrera jarraitu pagadian barrena. Ataka bat pasa ondoren, zubi batetik Iñolako erreka zeharkatu.  Sorotik metro batzuk gora egin ondoren, pista batekin topo egiten da. Bertan ezker aldera egin eta aldapa igo, basoan zehar. Aldapa luze eta gogor batek alanbrezko itxitura bat duen lepo batera eramango gaitu. Hesia zeharkatu eta ezkerrera egin. Basoan barrena behera egin eta ataka bat zeharkatu ondoren bideak Aramaiora doan errepidearekin topo egiten du. Aurrean, Albinako urtegia azalduko da. Errepidea ez da oraindik gurutzatu behar. Maldarik gabeko tarte labur bat egin ondoren gurutzatu behar da. Urtegia inguratuz, errepidera hurbilduko gaituen pista bat hartu. Legutioko hilerrira arte jarraitu. Hilerriaren ezkerrean  aldapa gogor bat jaitsi ondoren, herriaren ataria agertuko da. Eliza aldera egin behar da.

Elizaren atzeko bidetik Albina errekara jaitsi. Zubi batetik gurutzatu eta eskuineko pista hartu. Larrabea golf zelaiaren albotik eta industria pabiloi ba­tzuen albotik igaro ondoren, Legutioko tren-geltoki zaharrera iritsi. Vasco-Navarro trenbide zaharrari jarraituz, abiadura handiko trenaren obren eremuan sartuko gara. Trenbidea izango denaren eskuinetik jarraitu behar da. Ondoren tuneletik pasa. Eskuine­ra egiten duen pista hartu eta aldapa motz baten ondoren, alanbrezko hesi batera iritsiko gara. Hesia zeharkatu eta aurrean dagoen pistari jarraituz, Urbinako tontorraren ingururaino igoko gara. Gailurra baino metro batzuk beherago postez adierazitako bideguru­tzea aurkituko dugu. Bertan norabidez aldatu eta hego aldera egin behar da. Bidea Urruna­ga urtegiaren gainetik doan bidexka polit batetik doa.  Bi­dex­katik irteterakoan Larra muino gainera irtengo gara. Bertan aurkituko dugun pistak Amarita herrira jaisten gaitu. Eliza aldera egin eta bertara iritsi baino lehen ezkerrera egin. Aurrez-aurre Mendibil he­rria dugu. Zuzen jo eta Zadorra ibaiarekin topo egiterakoan eskuinera egin. Azken metroak Zadorra ibaiaren parean doan bide bitxi batetik egiten dira. Zubi batetik Zadorra ibaia zehar­katu ondoren, ibilbidearen amaiera den Mendibil herrira iritsiko gara.


5. ETAPA

Mendibil herrian, Arrantzale jatetxe alboan jaiotzen den pista hartu behar da. Igotzen hasi eta berehala eskuinetik beste pista bat elkartuko zaigu. Aurrera jarraitu eta hurrengo bidegurutzean ezkerreko pista hartu. Apur bat aurrerago, poste bat aurkituko dugu. Eskuinera egin eta berehala ezkerrera. Bideari jarraituz pisten bidegurutze batera iritsiko gara. Ezkerreko pista hartu eta bideak emeki gora egiten du bailaratxo batetik barrena. Arbuluko muinora helduko gara. Pistak behera egiten du eta lehenengo bidegurutzearekin topo egiterakoan ezkerrera egin behar da. Pista bide bihurtzen da, eta honek Uriba­rri-Ganboa urtegi ondoraino eramango gaitu. Bideak urtegiko urak inguratzen ditu. Urtegia atzean uzterakoan errepide batekin topo egingo dugu eta bertan, bidegurutze batekin. Aurrera jarraitu behar da. Arbulu herrira jaitsiko gaitu pista batek. AP-1 autobia zubi baten gainetik pasa eta herrian sartuko gara.

Arbulu herria zeharkatu eta herri irteeran, zubi bat guru­tzatu ondoren, ezkerrera egin behar da. Bideak N-1 zaharrera eramango gaitu. Errepidea zeharkatu eta aurreko pista hartu. Bidea partzela artetik Oreitiaraino doa. Lehenengo bidegurutzean zuzen jarraitu eta bigarrenean eskuinera egin. Aurrean Oreitia herria dugu. A-3108 errepidea guru­tzatu eta aurreko pistatik jarraituz Oreitiara iritsiko gara. 

Herriaren irteeran errepide nagusia aldera egin, berau zeharkatu eta ondoren trenbidea. Oreitiako hilerria dago beste aldean. Bere alboan jaiotzen den pistatik hego-mendebalderantz gora egin behar da. Apur bat aurrerago ataka bat duen lurrezko pista batekin egingo dugu topo. Hori hartu eta aldapa labur bat igo ondoren Estibaliz santutegiko aparkalekura iritsiko gara.

Datu interesgarriak

LAUGARREN ETAPA

l Distantzia: 22 Km.

l Denbora: 6-7 ordu.

l Desnibela 400 m gorantz eta gauza bera beherantz.

l Zailtasuna: Zailtasun berezirik gabekoa, baina ibilbidea luzea dela kontuan hartu.

l Beharrezko materiala: mendiko material arrunta. 

l Mendiriz Mendik abenduaren 15ean egingo du irteera hau.

BOSGARREN ETAPA

l Distantzia: 15 Km.

l Denbora: 3-4 ordu.

l Desnibela 150 m gorantz eta gauza bera beherantz.

l Zailtasuna: Zailtasun berezirik gabekoa. Ibilbide nahiko laua.

l Beharrezko materiala: mendiko material arrunta. 

l Mendiriz Mendik urtarrilaren 12an egingo du irteera hau.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!