Usurbildik bi sari ekarri zituen Markox Pagolak joan den asteburuan, ezti ilunetan txapela, eta mila-loreetan bigarrena. Euskal Herriko txapelketa izaten da urtero Usurbilen, sona haundikoa, eta 50 parte hartzaile inguru izan ziren hiru mailatan. Beste hernaniar batek ere bazuen saria, ezti-mundu honetan entzute haundikoa den Ramon Yeregik hain zuzen; Yeregik bigarren saria irabazi zuen ezti ilunetan. Ezti ilunen sariak hernaniarrentzat, beraz. Mila-loreetan txapeldun, errenteriar bat, Imanol Arizkorreta; ezti argietan, Juan Mari Arabaolaza oiartzuarra txapeldun, eta bigarren, Olga Santxez Sanz errezildarra.
Lehenengo aldiz sariketan
Markox Pagolak sorpresa polita hartu zuen bi sariekin, lehendabiziko aldiz parte hartuta ez baitzuen espero ezer irabazterik. «Denborapasa gisan bizi dut eztigintza, eta kuriositateagatik erabaki nuen parte hartzea; beste zerbait ezagutzeagatik».
Andimendiko eztia eta Ereñotzukoa
Andimendiko eztiarekin irabazi du txapela Pagolak, eta Ereñotzukoarekin bigarren saria. Horrez gain, Valdegobian ere baditu erlauntzak. «Ez dut ezti asko egiten, eta egindakoa etxerako egiten dut. Baina lagun batzurekin dauzkat jarrita Andimendiko eta Valdegobiako erlauntzak». Berez seguruxeagoa dela dio leku lehorragoetako eztigintza. «Hau ere ez da leku txarra, baina haiek seguruxeagoak dira, klima aldetik batez ere. Dena dela, ni ez naiz horri begira ibili. Lagunak nituen han eta hargatik jarri nituen erleak bertan. Hango kontu kurioso bat da, liztor asiatikoa oraindik ez dela iritsi. Ez dakit alturagatik den edo... baina ez Andimendin eta ez Valdegobian ez dut alerik ikusi».
25 urte eztigintzan
Badira 25 urte Pagola eztigintzan hasi zela, eta horietatik gehienak Gipuzkoako erlezain elkarteko bazkide gisan. Naturarekin harreman haundia izan du beti, eta kuriositatez ekin zion eztigintzari ere. «Jaxinto Fernandorenarekin topo egin nuen, eta hark asko erakutsi zidan. Batera eta bestera dezente ibili ginen elkarrekin, eta oso oroitzapen ona daukat».
Irakaspen politak eman dizkio Pagolari eztigintzak. «Eztia egiten ikasi dut, erle semea harrapatzen... ziztadak ere hartzen ditut tarteka, eta badiot sinismena horri. Txarra dela ere esaten dute batzuk, baina nik tiroien bat dudanean-eta, 4-5 ziztada jartzen ditut, badaezpada...».
«Sekulako poza»
Furgonetan hartu eta batera eta bestera gustora ibiltzen da Pagola, erleei kontu egiten. Sariak sekulako poza eman dio Pagolari, eta ilusioa ba omen du eztigintzarekin segitzeko. Beste sariketa batean ere proba egin behar omen du «Santo Tomasetan aurkeztuko naiz, ia zorterik baden».