Pintaketa lanak bukatuta, prest izango da bidegorria Institutura bizikletan joateko

Kronika - Erredakzioa 2013ko abe. 1a, 01:00

Lizeaga auzoko bidegorria martxan izango da datorren astetik aurrera. Pintaketa lanak besterik ez dira gera­tzen eta aurreikusitakoaren arabera, asteartean bukatuko dituzte lanak (eguraldiaren arabera izango da).

Urumeako bidegurutzea itxita, bihar
Bihar eta asteartean egingo dituzte pintaketa lanak eta ondorioz, hainbat kale itxita egongo dira eta trafikoan ere aldaketak izango dira. Bihar, Lizeaga kaleko lanak bukatuko dituzte eta Elkano-Urumea-Izpizuako oinezkoen pasabideak margotuko dituzte. Izpizua kalea moztuko da eta Nafar kaleko irteera, Izpizua jaitsiz egingo da. Txirritatik dijoaztenek Urbietara jo beharko dute. Sandiusterri eta Txantxillatik dijoaztenek, berriz, Elkanotik behera hartu beharko dute, Urumeako bidegurutzea itxita mantenduko baita.

Lizeaga eta Atzieta itxita, asteartean
Asteartean, Izpizua kaleko pintaketa lanak egingo dira eta baita udaletxe atzeko bidegurutzekoak ere. Izpizua kalea moztuta mantenduko da, Nafar kalekoak Izpizuatik jaitsi daitezen baimenduz eta Txirritatik dijoaztenei Urbieta kalera joateko aukera emanez. Udaletxe atzeko bideguru­tzeari dagokionean, Larra­men­­di kaleko trafikoa Elka­nora bi­deratuko da, eta Lizea­ga kalea eta Atzieta itxita mantenduko dira. Lanak bu­ka­tu orduko, ohiko norabideak erabili ahal izango dira. 

Instituturaino
Lizeagako bidegorria, Herna­niko bidegorri sarearen zati bat izango da eta Institutuko ikasleen joan-etorriari eran­tzungo dio, besteak beste. Elkano eta Izpizua kaleek bat egiten duten lekutik hasiko da eta Telle­ri­gaingo autobus geltokiraino iri­tsiko da. Bertan, 60 bizikleten­tzako aparkalekua izango da. Ez­ker aldetik joango da bi­de­gorria. Zenbait tokitan, Institutu aldera joateko noran­tzan, ko­txeekin konpartituko da bidea, hau da, koexisten­tziako guneak izango dira. Udaletxe parean eta Lizeaga kaleko ha­sierako zatian izango da hori. Gainon­tzean, igotzeko eta jaisteko bi norabide izango ditu bidegorriak. Bidegorriaren eraginez, bidearen ezker aldeko hainbat aparkaleku kendu egin dira: Tiloseta parean daudenak, Paradoreraino daudenak eta Paradore bukaeratik aurrerakoak. Izan ere, Paradorean, barrutik doa bidegorria eta bertako aparkalekuak ez dira kendu. Horrez gain, Lizeaga kale hasieran eskubitara dauden aparkalekuak bateria motakoak izatetik, lineakoak izatera pasako dira.

Bizikletentzako aparkalekua, Tellerigainen
Bidegorria Tellerigaingo autobus geltokian bukatzen da eta haren ondoan bizikletentzako aparkalekua egiten ari dira. 60 bizikletentzako lekua izango du. 

Metalezko estruktura izango du aparkalekuak eta tapatua izango da, polikarbonatozko materialarekin. 12,50 x 7,50 metro inguruko zabalera izango du. Barruan, bizikletak aparkatzeko bi ilara jarriko dira. Edozein herritarrek izango du erabiltzeko aukera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!