‘Rosalia alpina’, pago enborretako zomorro ikusgarria, Agerre baserrian

Kronika - Erredakzioa 2013ko aza. 30a, 01:00

Agerre baserriko Kepa Urrea­­gak aurten ikusi du lehendabiziko aldiz Rosalia alpina izeneko zomorroa.  Nor­­malean pago enbor hiletan azaltzen da zomorro hori, udaberri-udara tartean. Aur­ten, Agerre baserri ondoan dagoen pago enborrean ikusi dituzte bost bat zomorro heldu. Zo­mo­rro haundia da, 15-38 mm ingurukoa, eta atentzioa ematen du tamainak eta koloreak.

Pago zaharrak edo hilak
Europa mailan babestua dago Rosalia alpina, Natura2000  sare barruan. Hernanin ez da asko ezagutzen, ez baitago pago asko, eta Kronikak ez du lortu Hernaniko izenik. Hernanin beste behin bakarrik dago aipatua, Ere­ño­tzuko Agirre­berri baserrian.
Pago enborrean bizi da kumea, har forman (pipi-haundia ere esaten zaio). 2-3 urtez han hazi, metamorfosia egin, eta zomorro beltz-urdin gisan aterako da, hiru hilabetez bizitze­ko; beste pago-enbor bat bilatu, eta emeak han jarriko du arrautza bakarra.
Kepa Urreagak maitea zuen pago hori, orain bi urte haizeak bota ziona, gaixorik zegoelako. «75 urte izango zituen, eta maitea genuen, etxeko pago bakarra zelako. Haren bi adaxka al­da­tuak ditut etxe ondoan».
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!