Orian dago kokatuta Aldikar Aituak Mitsubishi kontzesionario eta tailerra. Lasarte-Oriako enpresak lehen aldiz egin du bat Baietz gurean! egitasmoarekin. Txetxu Alberdi bertako langilea oso pozik azaltzen da egitasmoarekin, honi esker lan eremuan euskara behintzat presente dagoelako.
Nola sortzen da enpresan Euskara sustatzeko egitasmoarekin bat egitea?
Esan behar dut lehenengo ni hasi nintzela harremanetan jartzen hainbat erakunderekin. Nahiz eta euskalduna izan eta euskaraz ikasketak burutu, mugatuta sentitzen nintzen askotan nire eguneroko lanean euskarazko hitz teknikoekin etab.
Horrela pixkanaka joan nin-tzen ikusten hainbat aukera eta laguntza zeudela enpresen barruan euskara sustatzeko. Iruditu zitzaidan egitasmo horietako bati heldu behar geniola gure fakturak eta batez ere bezeroei ematen zaien dokumentazioa euskaraz edukitzeko.
Zuk proposatu zenuen Baietz Gurean! egitasmoarekin bat egitea?
Bai hala da. Pertsonalki euskararekiko dudan atxikimenduak bultzatu ninduen enpresako zuzendaritzari gaia mahai gainean jartzea.
Kontutan izan behar da Mitsubishi kontzesionario bat garela eta multinazionalak bidaltzen digu lan egiteko beharrezkoa dugun dokumentazio eta informazio guztia. Ez dago gure esku kotxeen katalogoak etab.en aldaketa. Baina hala ere, enpresaren barruan eta bezeroari ematen zaizkien dokumentuetan behintzat, batez ere fakturak edota kotxea erostera etortzen direnenan harrera, euskaraz egitea landu beharreko gaia zela ikusi zen zuzendaritzan eta ondo hartu zuten proposamena beraz aurrera egin genuen.
Zein da enpresan euskararen egoera?
Momentu honetan langile gehienak erdaldunak dira. Hala ere, badira euskaldunak baita euskara ulertzen dutenak ere.
Egitasmoaren baitan, kartelak bi hizkuntzetan jarri dira eta langileen arteko zenbait komunikazio bi hizkuntzetan egiten hasi gara.
Egitasmoan parte hartzen hasi zinetenetik aldaketarik somatu al duzu?
Enpresa munduan ez soilik gurean, nik uste dut guxti bada ere, aldaketa handia dela behintzat euskararen presentzia nabaritzea.
Orain karteletan ikusten dugu behintzat, ohar batzuetan, hainbat lan beti erdaraz egin direnak orain tarteka euskaraz egiten ditugu, bezero euskaldun bat datorrenean saiatzen gara euskaraz arreta ematen...Ez da asko, oraindik barne fuzntionamenduan hizkuntza nagusia gaztelera delako baina esan bezala pixkanaka bada ere, aurrera pausuak dira. Gure lan esparrutan euskara behintzat presente dago.
Balorazioa zein da?
Balorazioa ona dela esango nuke. Esan bezala kantitateari begira ez dirudi asko egin dugunik baina euskararen erabilera gurean normalizatzeko urrats garrantzitsuak eman ditugula iruditzen zait. Gure bezeroen hizkuntza eskubideak bermatu behar ditugu eta ikusi besterik ez da egin behar kotxea erostea etorri eta lehenengo hitz euskaraz eginda zenbat irabazten dugun bi aldeek.
Bezeroak gertutasuna nabaritzen du eta salmentan hori asko baloratzen da.