Aurkari zuzena izango du aurrez aurre gaur Hernanik. Lagun Onak taldea, hain zuzen. Txuri-berdeak azkenaurreko postuan daude eta azpeitiarrak azkenekoan, puntu baten aldeagatik. Irabazi beharreko partidua, dudarik gabe. Eta helburu horrekin jarri dute entrenatzaile lanetan Ion Zabaleta, etxeko entrenatzailea.
«Etxeko partiduak irabazten hasi behar dugu»
Hernanik partidu bakarra irabazi du jokatutako 11 partiduetatik eta egoera aldatzeko beharra ikusi dute klubean. «Aurreko entrenatzaileak, Alainek, ondo egin ditu gauzak eta gustora ginen berarekin, baina ez genituen emaitzak lortzen eta dinamika txarra generaman. Aldaketaren beharra ikusi dugu», dio Jon Loran koordinatzaileak. Taldea baju ikusten du Loranek, beldurrarekin, eta konfiantza berreskuratu behar dutela dio. «Helburua da, partiduak irabazten hastea; etxekoak behintzat».
«Iazko talde berdina da ia, eta kapazitatea badugu»
Zabaletak argi du jokalariek konfiantza hori berreskuratu behar dutela eta horretarako gogor lan egiteko asmoa du. Berak argi du gai direla irabazten hasi eta pixkanaka goraka joateko: «Iazko talde berdina da ia, eta kapazitatea badugu». Gaurko 3 puntuak lortzea izango da aurreneko pausoa, «lehenbailehen jaitsierako multzo horretan talde gehiago sartzeko eta irteera azkar ikusteko», dio entrenatzaile berriak.
Zaletuen laguntza
beharrezkoa, gaur
Hernanik partidu garrantzitsua jokatuko du gaur eta zaletuen laguntza beharko dutela azaldu diote Kronikari. Hori horrela, dei egiten diete herritar guztiei Zubipera jaisteko. Partidua, 16:30etan hasiko da.
Neskak, Tolosaren aurka
Emakumezkoen Ligako taldeak Tolosaren aurka jokatuko du 18:30etatik aurrera, Zubipen. Zortzigarren daude.