martxan da Hernaniko Eskubaloi Eskola. Asko izan dira azken hilabeteetan Hernanin eskubaloia berreskuratzeko egin dituzten ekintza eta bilerak. Lortu dute helburua: kluba martxan da urriaren 23tik.
Eskubaloia probatu nahi dutenek, aukera
Herriko gaztetxoek eskubaloia ezagutzea eta probatzea bilatzen dute klubeko kideek, eta helburu horrekin, ate irekiak antolatu dituzte hiru larunbatetan: gaur, abenduaren 8an eta 22an. Abenduaren 8an Imanol Alvarez izango da bertan, Bera Berako jokalaria, Ligako txapelduna eta Ohorezko Mailako kopa irabazitakoa. Eta abenduaren 22an erakustaldia emango du David Rodriguezek, Bidasoa taldearekin Liga eta Europako Kopa irabazitakoa da; Julian Esquide ere, etorriko da, Ereintzako teknikoa dena. Deialdia 2005 urtean edo lehenago jaiotako neska-mutilei dago zuzenduta.
Eskola kirolean, hiru talde
Klub gisa hasi dira martxan, eta eskola kirolaren barruan, hiru talde badituzte Hernanin. Txikiak izanik, eskubaloi klubaren ardura, kasu honetan, jokatzen erakustea da. Kirol proiektu teknikoa idatzi dute, eta bertan diote, aditu gehienen esanetan 10 urtetik aurrerako neska-mutilak prest daudela eskubaloiaren inguruan aurreneko pausuak ikasteko.
Jokoan edo jolasean oinarritutako kirola izatea dute helburu, eskola kirolari dagokionean: «metodologia jolasean oinarrituko da, haurra edo jokalaria gustura egotea baita gure helburua; gauza guztien gainetik ondo pasatu nahi izatea bilatuko da. Hala ere, lehiaketa beharrezkoa dela iruditzen zaigu. Lehia kirolari eta umearen nortasunaren garapenari dago lotua. Azken finean, umeak bere lorpenak neurtzeko, finkatzeko eta desafioei aurre egiteko beharra sumatzen du. Behar horirek ezberdinak izango dira garai bakoitzean».
«Atzean utzitako lanari
segida eman nahi diogu»
Urte askotako ibilbidean, 16 talde izatera iritsi zen Hernaniko eskubaloi taldea. Lorpen haundiak lortutatako taldeak izan zituen Hernanik, horiek artean: euskal ligara igoera, 2garren nazionalera igoera eta jaitsiera, Emakumezkoen Ohorezko mailan urte luzez jokatzea... 2003an desagertu zen azkeneko taldea. Etapa baten bukaera izan zen hura: «elkartearen organigraman gutxi batzuk aritzen ginen, pisu gehiegi, diru falta... gutxi edo gehiago, denok izan genuen zerikusia taldearen desagerpenean. Orain atzean utzitako lanari eltzeko gogoaz gara, segida eman nahi diogu orduan egindakoari»
10 urterako proiektua
Proiektu berria egin dute, datozen 10 urteetan izango duten ibilbidea zehazten duena: «ilusio haundiarekin hasi dugu etapa berri hau, baino denon laguntza beharrezkoa izango da: zuzendari ohiak, gurasoak, teknikoak, jokalari ohiak...».
Helburu nagusia bat dute: eskubaloiaren praktika berreskuratzea Hernanin. Hutsetik hasiko dira eta pixkanaka, pausuz pausu proiektu sendo bat osatu nahi dute. Tekniko taldea ona osatu dutela diote eta horrek segurtasuna, babesa eta ilusioa ematen dietela. Hala, oinarritik edo harrobitik hasiko dira lanean, eta txikitatik heziko dituzte gaztetxoak. Eskola Kirola eta Eskubaloi eskola izango dira oinarria, etorkizunaren hasiera. Proiektuak aurreikusten dituen 10 urteak urteka banatu dituzte, eta urte bakoitzean lortu nahi dituzten helburuak aipatzen dira bertan; 2023an 14 talde izatea aurreikusten da, 224 jokalari inguru, 14 monitore... Azken finean, eskubaloiak 2023n bere lekua izatea bilatuko dute.