Mobilizazio eguna da gaur Hernanin, LAB Sindikatuak deituta, eta Hernaniko Sortuk ere bat egin du deialdiarekin. Lan eta negoziazio kolektiboaren alde, eguerdiko 12:00etan mobilizazioak egingo dira enpresa atarietan; 13:30etan kontzentrazioa deitu dute Hernanin, Zikuñaga auzora sartu aurretik dagoen errotondan; eta arratsaldeko 19:00etan eskualdeko kontzentrazioa Gudarien plazan.
Horrez gain, larunbatean Donostian egingo den manifestaziora dei egin dute, 17:30etan, Bulebarrean.
Gureolako 48 langileak maiatzetik paroan
Egun honen bueltan, Gureola enpresako langileen egoera zein den gertuago azaldu nahi izan du Kronikak. Maiatzean itxi zen enpresa, eta geroztik 48 langileak kalean daude. Gorka Olazabalek Kronikari jakinarazi dionez, lankide batzuk oso gaizki ari dira pasatzen. «Batzuk badira jubilatzeko garaizegi eta beste lan bat bilatzeko beranguegi dutenak. Horiek larri daude. Larri baita ere, familia izan berri dutenak, eta bikoteak baldintza kaxkarretan lanean. Bat badago hirukiak dituena, hipoteka, bera paroan, eta bikotea lan txarrarekin. Edo bakarrik bizi direnak, pixua ordaintzeko, eta gastu guztiei bakarrik aurre egin behar. Etorkinak ere asko egoera txarrean geratu dira... Indemnizazio haundia zegokienek ere, 35 urte lan egin eta gehienez 18.000 euro jasoko lituzkete...».
Enpresa biablea
Langileen ustez enpresa biablea da, eta gestio txarra izan du. Horregatik badago bere esku hartzeko interesa duenik. «Badago mugimendua, enpresa beste batzuek hartzeko, baina oraindik ez dakigu ezer segururik. Esperantza horretan gaude, eta langileak lanerako prest».