Epe ertain eta luzera begira, bi plan onartu zituen Udalak astearteko Plenoan: Euskara Plana eta Hernaniko Iraunkortasunerako Ekintza Plan Berria. Tramitezko beste lau puntu ere bozkatu eta onartu zituen Plenoak, horien artean: Estubegi sektoreko Plan Partzialaren aldaketa behin betiko onartzea eta Urumeako eraikineko lanak egitea baimentzea. Bi mozio ere bozkatu eta onartu ziren asteartean: Emakumeenganako indarkeriaren kontrako egunekoa eta Urumeako garbiketaren ingurukoa.
Ahozko komunikazioan Udalak euskeraz
funtzionatzea, helburu
Udaleko Euskara Planaren 5garren Plangintza onartu zuen Plenoak, 2013tik 2017ra bitartekoa, lau urterako plana, hortaz. 4garren Planaren balorazioa positiboa izan dela azaldu zuten lehendabizi eta besteak beste, lortu dela Udal barruko funtzionamendu gehiena, idatzizkoa, euskeraz izatea. Onartu berri den 5garren Plangintzarekin lortu nahi dena da, besteak beste, ahozko funtzionamenduan ere, pausu berdinak ematea; hau da, Udal barruan, ahozko komunikazioa, euskeraz izatea. Positibo gisa, azpimarratu zen Udaleko pertsonalak euskera maila ona duela, euskeraz zerbitzu guztia eman eta funtzionatzeko. Helburu horiek lortzeko bidean Udala lantaldean ari da beste herri batzuekin.
Iraunkortasun Plana,
2020 urtera bitartekoa
Gaur egun nagusi den garapen planak edo ereduak iraupenik ez duela eta, ingurua hondatuko ez duen garapen modua aurkitzeko bidean, Ekintza Plan Berria onartu du Hernaniko Udalak. Hernaniko Iraunkortasunerako Ekintza Plana du izena eta Agenda 21en barruan kokatzen da. Plenoak onartutako Planak biltzen dituen asmo, pauso eta helburuak 2020ra bitartekoak dira. Plan horren barruan 150tik gora ekintza egitea erabaki da, Udaleko batzorde bat baino gehiago hartzen dituena. Prozesuan parte hartu dute batzordeetako teknikariek, politikoek eta herritarrek. Prozesu hori oso positiboa izan dela azaldu dute, eta parte hartutako hiru taldeek azpimarratu edo baloratu dituzten bost puntu nagusiak hauek dira: etxebizitza politika, alokairu sozialaren aldekoa; mugikortasuna; euskeraren normalizazioa; herritarren arreta zerbitzua hobetu eta modernizatzea; eta berdintasun planak sustatzea.
Bi mozioak, onartuta
Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harira mozioa onartu zuen Udalak, aurretik Bozeramaile Batzordean adostutakoa. Mozioan hainbat konpromiso hartzen ditu Udalak, tartean: berdintasun politikak garatzeko baliabideak indartzea; indarkeria matxistari aurre egiten dioten emakume eta taldeentzako arreta zerbitzuak eratzea; jai giroan eta eremu sozial kulturaletan emakumeen partehartzea sustatzea...
Bestalde, Urumea ibaia garbitzeko eskatzen duen mozioa aurkeztu zuen PSE-EEk eta Plenoak onartu egin zuen. Bertan eskatzen da, Urumearen uholde arriskua gutxitzeko konpromisoa izatea eta ardura duten erakundeei eskatzea ibaia garbitzeko eta aurreikusita dauden lanekin hasteko.