LAB sindikatuak Mobilizazio Eguna deitu du bihar, Enplegu eta negoziazio kolektiboaren defentsan. Lan harreman eredu berri baten alde. Eguerdian, mobilizazioak izango dira lantegietan eta 19:00etan, manifestazioa egingo dute Plazatik abiatuta. Horrez gain, larunbatean, manifestazioa deitu dute Donostian. 17:30etan abiatuko da Bulebarretik. LABetik azaldu dutenez, mobilizaio hauen helburua da, langabezia salatzea, enplegu duina sortuko duten neurriak aldarrikatzea eta alternatiba gisa, Euskal Herriaren ezaugarri propioei erantzuten dien eredu berri bat bultzatzea.
«Langabezia eta pobrezia, aplikatzen ari diren politiken emaitza zuzena da»
Datuei dagokienean, azaldu dute azken 5 urteotan, Buruntzaldean 2350 lanpostu suntsitu direla eta gaur egun 4850 lagun daudela langabezian. «Gainera, lana edukitzeak ez du ziurtatzen bizimodu duina izatea: 10 langiletik, 4 pobrezia mailatik behera daude», diote.
Argi dute langabezia eta pobrezia ez direla krisiaren «emaitza naturala», aplikatzen ari diren politiken emaitza zuzena baino. Egungo egoera, lan harreman ereduarekin lotuta dagoela ere nabarmendu dute eta negoziazio kolektiboaren beharra ikusten dute. «Langabeziari eta pobreziari aurre egitea posible da».