‘Bi bala’ bertso ikuskizuna izango da ostiralean eta feria, larunbatean

Kronika - Erredakzioa 2013ko aza. 27a, 01:00

‘Bi bala’ ikuskizuna 20:00etan izango da Gaztetxean. Aitzol Barandiaran eta Iñaki Gurrutxaga bertsolarien proiektua da. Bestalde, larunbateko bazkariko sarrerak salgai daude Amaian.

Goizuetako Azaro Kulturala larunbatean bukatuko da, Feri Egunarekin. Urtero bezala, festa egun ederra antolatu dute, baina aurreko egunean ere izango da zerekin gozatu. Hain zuzen, ostiralean, Bi bala bertso ikuskizuna emango dute Aitzol Barandiaran bertsolariak eta Iñaki Gu­rrutxaga bertsolari eta musikariak. 20:00etatik aurrera izango da Gaztetxean.

Bertsoak, RIP edo La Pollaren doinuekin
Bi bala taldeak edo proiektuak bertso musikatuak egiten ditu, baina orain arte gutxi landu den estiloan. Bertsoak eta rock musika uztartzen dituzte. Esa­terako, RIP edo La Polla musika taldeen abestiren baten doinua oinarri hartu, eta bertsoak egiten dituzte. Hainbat emanaldi eskaini dituzte eta harrera ona izan dute.

Giza proba desafioa
Larunbatean, 10:00etan emango zaio hasiera feriari. Azienda, artisau eta nekazaritza postuak izango dira herrian barrena. 12:00etan, berriz, giza proba desafioa antolatu dute. Herriko 6 mutil, Emarri taldeko 6 neskaren aurka neurtuko dira. Ondoren, bazkaria izango da goiko frontoian eta txartelak salgai daude Amaia kafetegian. Xabier Solano eta Jon Mari Beasain Esne Beltzako musikariek girotuko dute bazkalostea. Eta gauerako indarrak hartu nahi dituztenentzat, pintxoak egongo dira plazan. Gaueko 22:00etatik aurrera, Gugaz erromeria taldea izango da Gaztetxean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!