Jokoan berdindua hasi eta bukatu zen partidua atzo, Landaren; markagailuan, Cisneros izan zen nagusi; 17-20 irabazi eta lau puntu gehiagorekin itzuli ziren Madrilera. Hernanik defentsako bonus puntua lortu zuen.
Atsedenaldira,
madrildarrak aurretik
Azken egunetako euriteek ez zuten zelaia espero bezain beste lokaztu. Gogoz eta konfiantzarekin ekin zion Hernanik, baina madrildarrek zabaldu zuten markagailua, zigor kolpe bat gauzatuta. Hernanik berehala erantzun zuen, beste zigor kolpe batekin. Zelai erdian hara eta hona ibili ziren ia lehenengo zati osoan, aukera askorik sortu gabe; bi taldeen artean zegoen berdintasunaren seinale. Eskasetan ez ziren nahi bezain ondo aritu hernaniarrak; baina uztartzeetan ondo eutsi zieten madrildarren erasoei. Atsedenaldirako minutu gutxiren faltan etorri zen aurreneko entsaioa, Cisnerosena; gauzatu egin zuten. Zazpi puntu atzetik zirela joan zen Hernani, atsedenaldira.
Bigarren zatian, antzeko
Berdintasuna izan zen nagusi, bigarren zatian ere. Oier Garmendiak hasi eta berehala egin zuen entsaioa; eta gauzatu ostean, 10-10 markagailuan. Handik gutxira etorri zen hernaniarren bigarren entsaioa. Pello Perezek egin zuen, abiadura haundiz. Tentsioa puri-purian zen Landaren. Hamar minuturen faltan, Cisnerosek entsaioa egin eta gauzatu zuen. Eta partidua bukatzear zela, zigor kolpe bat gauzatu eta aurretik jarri ziren, garaipena lortuz.