«Urte eta erdian ikusi dut haurra ondo egokitzen ari dela bizimodu berrira»

Kronika - Erredakzioa 2013ko aza. 29a, 01:00

Beroa elkarteak antolatuta, harrera familiei buruz ariko dira gaur. Dokumen­tala izan­go da lehendabizi, eta hi­tzaldia gero, Goizargi Igle­sias eta Maite Pagolaren es­ku­tik, 18:00etan Biterin. Goi­zean bi antzerki saio ere egingo di­tuzte, ikastetxeentzat.

Hernanin harrera familia bat baino gehiago
Beroa elkartea aritzen da harrera familiekin lanean, eta Hernanin familia bat baino gehiago direla jakinarazi dio Kronikari. «Gipuzkoan 270 familia inguru izango dira, eta horietatik batzuk badira Hernanin». Virginia Peña da kasu horietako bat.

«Prozesu gogorra bezain aberatsa»
Virginia Peña hernaniarrak dio, oso prozesu polita dela haurra harreran hartzea. «Zenbait momentutan gaizki pasatzen da, baina benetan merezi du emaitzak. Proze­sua benetan polita da, oso polita». Peñak orain dela urte eta erdi hartu zuen haurra harreran, eta dagoeneko alde haundia somatzen omen dio. «Urte eta erdian ikusi dut haurra ondo egokitzen ari dela bizimodu berrira».

Berezko familia, eta harrera familia
Gipuzkoako harrera etxeetan dauden haurrak arrazoi as­ko­gatik egon litezke. Mu­tu­rreko kasuetan erabakitzen du Gipuzkoako Foru Aldun­diak adingabea gurasoengandik banatzea; hau da, haurraren ongizateari eta garapenari kalte egiten dioten arazoak edo krisialdi larriak daudenean. Hala ere, berezko gurasoekin harremana izatea bilatzen da, lotura afektiboari eutsi eta familiarengana itzultzea erraztu nahi baita. Lehen­dabiziko saiakera izaten da, berezko familiara bueltatzea eta hori ezinezkoa denean, harrera familia bila­tzen da.
Goizargi Iglesias da Beroa elkarteko kidea eta hark oso garbi dio hori: «Ha­rre­ra familia da prozesuaren parte bat eta hori argi izan behar du haurra harreran hartu duen familiak. Azken finean, harrera familiak ez dijoaz bere guraso sena asetzera, haurra eta haren familia denbora batez laguntzera baizik».

Familia eredu asko
Haurren egoerak bat baino gehiago diren bezala, familia moduak ere halaxe dira. Fa­miliak prozesu luzea pasa­tzen du harrera familia gisan onartzeko. Behin onartuta, haurra ezagutu, eta prozesua hasten da. Famili ereduak ere ezberdinak izan litezke (ho­mosexualak, heterose­xua­lak, pertsona bakarrekoak, gehiagokoak). Familia osatzen du­ten kide guztiekin egoten dira teknikoak, psikologoak, espezialistak, eta egoera balora­tzen dute.

Eman adina jasotzen dela diote harrera familiek
Hasiera gogorra den arren, eman adina jasotzen dela dio Peñak. «Niretzat txapeldun bat da, eta hala esaten diot egunero. Nola moldatu den toki berri batera, eta ze gogo daukan aurrera egiteko... nik sentitzen dut berarentzat erreferente bihurtu naizela. Ar­gaz­­kie­tan ere ikusi liteke urte eta erdian aurpegia nola argitu zaion. Bizilagun batek esan zidan lehengoan ezin hobeto: ‘loretzen ari dela ematen du’ eta bai, halaxe da».

Interesatuek, Beroa elkartera jo
Gipuzkoan 61 haur daude harrera familia baten beharrean. Interesatuek gaurko hi­tzaldira joan edo Beroa elkartera jo: Donostian, Atego­rrieta 79-3. 943 24 56 04, asociacionberoa@asberoa.com. yy
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!