Berogailua 21 gradutan pizten da etxerik gehienetan

Kronika - Erredakzioa 2013ko aza. 23a, 01:00

Negu giroak hasi ditu, eta askok egunotan piztu du be­rogailua lehenengo aldiz, aurtengo neguan. Berogai­lua 21 gra­dutan jartzen da, ba­tez bes­te, gure etxeetan, eta gasaren bidezko berogailuak erabiltzen dira gehien, %57,5 inguru. Be­rogailu elektrikoak %32, gasoilezkoak %7 eta egurra edo pelleta %3,5 inguru.
Joerak aldatzen ari dira pixka bat, eta etxebizitzen %2,2 dira sistema aldatu dutenak, batez ere, hileroko faktura jaisteko asmoz. Egurra da, adibidez, gorakada antzeman due­na. Izan ere, gasoilarekin konparatuta, %30 merkeagoa da.

Zerk eragiten dio fakturari?
Fakturari gehien eragiten dioten arrazoiak hauek dira: zenbat gradutan jartzen dugun berogailua, zenbat denboran, berogailu sistema, eta etxeko aislamendua.
Eustatek eta INEk publikatutako datuen arabera, Gipuz­koako etxeetan 5-6 hilabetez pizten da berogailua. Bero­gailua gauez piztuta eduki­tzen dutenak %15 dira, eta etxetik ateratakoan piztuta uzten du­tenak %8,5. Horrek zuzenean eragiten dio fakturari, baina baita etxea zenbat gradutan eduki nahi den ere. Oroko­rrean 21 gradutara jar­tzen da berogailua. Kuriosoa izan liteke, lekurik beroenetan jartzen dela altuen berogailua, 22 gra­du inguruan. Hotzenetan, hartara ohituago egonda-edo, 20 gradu in­guruan jartzen da.
Etxerik zaharrenek dituzte arazo haundienak aislamenduarekin, eta askoz gehiago kos­tatzen da berotzen. Leiho berriak eta pareteko aislamenduak gero eta gehiago eskatzen dira. Zirrikituetatik galtzen da beroa, eta hori erremediatzeko modu bat da aislamendu sistemak jartzea. Adibide moduan, etxeen 10etik 7tan kristal bikoi­tzeko leihoak jarriak daude, gaur egun.

Berogailu onena, gutxien gastatu eta gehien berotzen duena
Berogailutik berogailura alde haundia dago, eta denek nahi dute gutxi gastatu eta asko berotzen duena. Baina zein da sistema hori. Asko ari dira aldatzen sistemak, Hernaniko dendetan Kronikari esan diotenez. Balantxan eta Aricetan badakite zerbait berogailuei buruz, eta aukera zabala daukate, preziorik onenetan. Beti-betiko berogailuak saltzen direla diote biek, baina asko hobetu dela kalitatean. «Gero eta gu­txiago kontsumi­tzen dute berogailuek, eta gero eta gehiago berotu». Berogailu elektrikoak, haize beroa botatzen dutenak, saltzen dira oraindik. Paretean jartzekoak ere bai, bonbonazkoren bat. Egur-ikatzezkoak ere saltzen dira, edo pelletezkoak, Arice­tan, adibidez. «Kaleko etxebizitzetan ez hainbeste, baina kaletik pixka bat ateraz gero, era guztietako tximiniak eskatzen dira. Gero eta gehiago dago joera hori, egurra edo pelleta eska­tzekoa».
Kaleko etxebizitzetan kalderak dira nagusi, eta etxe guztia berotzen duten instalazioak daude jarrita, ura bero­tzeko eta instalazio osoa bero­tzeko. Gasa­rekin funtzionatzen dute etxe horiek, kasurik ge­hie­netan. Baina asko dira ga­­soilarekin daudenak ere; batez ere, herrigunetik kanpora.
Kalderetan ere alde haundia dago, eta gaur egun gero eta hobeak egiten dituzte, Hernaniko Termas dendan Kro­­­nikari esan diotenez. «Kal­dera berriek CO2 gutxiago botatzen dute airera, eta energia gutxiago kontsumitzen dute. Modulazio altukoak dira kaldera berri horiek, baina badira bestelako kalderak ere oso onak direnak».
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!