Sevilla II espetxeko euskal presoek 27 egun beteko dituzte gaur gose greban. Tartean da Gurutz Agirresarobe hernaniarra eta elkartasuna adieraziz, protesta hasi dute hainbat herritarrek Milagrosan. Atzo hasita, igandera bitarte deitu dute mobilizazioa.
Enara Izagirrerekin hitz egiteko aukera izan du Kronikak, Agirresaroberen bikotekidearekin. Familiarrek egoera kezkaz bizi dutela azaldu du eta asko eskertzen dutela herritarren laguntza eta babesa: «Familiarrok kezkatuta gaude. Espetxeko zuzendaria ez da gerturatu ere egin eta inpotentzia sentitzen dugu. Ezin ezer egin. Zentzu horretan asko eskertzen dugu jendearen babesa. Hernaniko itxialdia bezalako ekimenek indarra ematen digute bai guri, bai presoei».
Mobilizatzea beharrezkoa, aurrera egiteko
Izagirrek ez zuen aukerarik izan atzo Milagrosako itxialdian parte hartzeko, umea tarteko, baina gaur eta bihar bertan izango da. Herritarrak mobilizatzearen garrantzia nabarmendu du Izagirrek: «Kasu honetan Gurutz dago gose greban, Sevillako beste presoekin batera, baina Hernanin jende askok du familiarren bat preso eta antzeko egoera bizi duten asko daude. Horregatik garrantzitsua da mobilizatzea eta protesta egitea, bakoitzak ahal duen bezala. Garai hauetan, aurrera egin behar dugun garai honetan, beharrezko da denon bultzada, konponbidea lortzeko».
Gero eta gogorragoa
Asteburuan izan zuen Izagirrek bisita Agirresaroberekin eta bastante argalduta ikusi arren, animoz ondo eta sasoiko aurkitu zuen. «Azken egun hauetan telefonoz hitz egin dugu eta gero eta gogorragoak egiten ari zaizkio egunak. Orain 58 bat kilo izango ditu eta hotz egiten hasi da Sevillan eta kalefakziorik ez dietenez jartzen, gero eta gehiago sufritzen ari da».
Espetxeko zuzendariak ezer egiten ez duela ikusita, espetxe-zaintzako epaileari eskaera ofiziala egin zaio judizialki esku hartzeko.
Izagirrek argi dio euren legea betetzea besterik ez dutela eskatzen presoek: «Gurutzek, esaterako, 4 urteak daramazki isolamenduan. Oso oso baldintza gogorretan bizi dira eta hori gutxi balitz, funtzionarioen tratu ez egokia gehitu zaio. Jasangaitza da. Preso politikoei aplikatzen zaien mendeku politikoa».