Euskara erabiltzeko, zazpi bultzada gehiago

Kronika - Erredakzioa 2013ko aza. 23a, 01:00

Abenduaren 3a da euskararen egun ofiziala. Aurten, hala ere, egun horretan ez ezik egun gehiagotan ere egingo dira euskararen inguruko ekitaldiak Hernanin. Azaroaren 30ean hasi, eta abenduaren 6 artean Euska­raren egunaK ekimena antolatu dute herriko hainbat talde eta herritarrek. Hurren­go larunbatean, hilak 30, hasiko da Biteri kultur etxean egingo den ekitaldiarekin, eta abenduaren 6an bukatuko da ekimenerako apropos prestatutako kale antzerkiaren ondoren brindis bat eginda.
Hernaniko hainbat elkarte, eskola, erakunde eta herritarrek hartu dute parte egitasmoan: Dobera  Euskara Elkarteak, AEKk, Udal Eus­kal­tegiak, Berrialagunen elkar­teak, Banaiz Bagara elkarteak, Udaleko Euskara Zerbitzuak, Elizatxo ikastolak, Langile ikastolak, Inma­kulada ikastetxeak, Hernani­ko Institutuak eta beste hainbat herritarrek. Urte hasieran egin zituzten lehen bilerak, herrian euskararen erabilerari bultzada bat emateko helburuarekin, eta norabide ho­rretan antolatu dute Euska­raren egunaK ekimena ere.
Antolatzaileen arabera, Hernanin euskararen ezagu­tzan pauso handiak eman dira azken 20 urteetan; hernaniarren %60 euskalduna da, eta herritarren beste %20 euskara ulertzeko gai da. Horrez gain, nabarmendu dute zenbait esparrutan presentzia handia duela euskarak. Esate baterako, irakaskuntzan, elkarte ba­tzuetan eta Udalean bertan. Esparru `informala´ deitutakoan, ordea, gaztelaniak oraindik «indar handia» duela ohartarazi dute. Hu­rrengo asteko ekintzen bitartez, herritarrak egoera horretaz jabearazi nahi dituzte, eta ahal duten heinean, jokabide horietan eragiten hasi. Izan ere, euskararen erabilera indartzeko ezinbestekotzat jotzen dute kontzientziazio lana. Gero, bakoitzak bere inguruan euskaraz aritzeko konpromisoa eta ohitura har dezan.
Hori horrela, euskararen egunaren harira, zazpi egunetarako egitarau bete-betea prestatu dute.

Hasteko, ekitaldia eta lasterketa
Ekitaldi baten bidez emango diote hasiera astebeteko programari. Biteri kultur etxean egingo dute hasierako ekitaldi hori, 12:30etan. Herriko elkarteetako ordezkariek hartuko dute parte, eta han izango dira udal ordezkariak ere. Antolatzaileek herritar guztiei dei egin diete parte har­tzera, Euskararen EgunaK ekimenari babesa erakusteko.
Arratsaldeko 16:00etan, berriz, Euskaraz bizi nahi dut! lasterketa korrituko dute, Urbieta kaletik abiatuta. Bi­garren urtez antolatu dute lasterketa, Euskararen Kon­tsei­luarekin elkarlanean. Lau kategoria izango dira, eta distantzia, hauen araberakoa izango da. 3 eta 6 urte bitartekoek 200 metro egingo dituzte; 7 eta 11 urte bitartekoek 500 metro; 12 eta 14 urte bi­tar­tekoek 1.000 metro; eta, 15 urtetik gorakoek 4.500 metro.
18 urtetik beherakoek doan dute izen ematea, eta 18 urtetik gorakoek 5 euro ordaindu beharko dute. Izen ematea zabalik dago azaroaren 27ra arte dobera@dobera.com, 943 33 27 99 edo Doberaren bulegoan. Kami­se­tak ere Doberan eskura daitezke, 5 eurotan.

Euskarak Hernanin izan duen ibilbidea ezagutzeko, Tour linguistikoa
Lasterketaren hurrengo egu­ne­rako ibilaldi bat antolatu du­te herrian zehar, azken men­dean euskarak Hernanin izandako aurrerapausoak eta galerak azaltzeko. Ibilaldia Plaza Berritik abiatuko da, eta  bertan amaituko da ordu eta erdi inguruko bueltaren ondoren.
Joxe Luis Urdangarinek gidatuko du ibilaldia eta bospasei lekutan egingo dituzte geldialdiak (Biterin, Alberro sagardotegian, Katanga inguruan, Udaletxeko plazan,...). Geldialdi bakoitzean garai hori bizi izan zuten pertsonek beren kontakizuna egingo dute. Besteak beste, tourrean parte hartuko dute Juanjo Uriak, Pepi eta Jone Erraz­kinek, Xabier Iriartek edo Urko Apaolazak. Hernanin euskararen bilakaeran gar­ran­tzia izan duten gertaerez, mugimenduez eta tokiez arituko dira:  gerra aurreko eta osteko egoeraz, eskola zigor­tzaileaz, Iturriagaren eskola berritzaileaz, ikastolen mugimenduaz, gau eskolez, Fran­coren garaiko kultur mugimenduez, bertsolaritzaz, imigrazioaz, Franco hil osteko susperraldiaz, administrazioa euskalduntzeko lehen urra­tsez... Hau da, gaur egun­go egoerara nondik eta nola iritsi garen azalduko dute.

Euskararen inguruko lanak, erakusketan
Elizatxo, Langile, Inmakula­da eta Hernani Institutuko ikasleek ere zuzenean hartuko dute parte ekimenean. Hori dela eta, Biteri kultur etxean erakusketa bat jarriko dute lau egunez, abenduaren 2, 3, 4 eta 5ean. Euskararen inguruan egindako lanak eta apaingarriak jarriko dituzte, eta horrez gain, euskarazko film laburrak proiektatuko dituzte etengabe. Bestalde, abenduaren 3an eskoletan, ekitaldi ugari egingo dituzte euskararen egunaren harira.

Euskaraz aritzeko aukera ederra, Mintzodromoan
Mintzodromoan, euskaraz hitz egin nahi eta aukerarik ez duenari leku bat zabalduko diote abenduaren 5ean: goizeko 10:00etan eta arratsaldeko 18:00etan. Euririk ezean Biteri atarian egingo da, eta bestela, Atsegindegin. Dagoeneko, 150 lagun inguruk eman dute izena. Tar­tean, euskara ikasten ari direnek, institutuko ikasleek zein euskaldun zaharrek. Jendea mahaietan banatuko da eta hiru gairen inguruan hitz egingo dute hamabost bat minutuz. Mahai bakoitzean dinamizatzaile bat egongo da. Euskal herrian leku bat baino gehiagotan egin izan dira mintzodromoak euskararen erabilera bultzatzeko. Herna­nin egiten den lehen aldia da.

Bukatzeko, kale antzerkia
Ekimena amaitzeko kale an­tzerki bat egingo dute abenduaren 6an, eguerdiko 13:00etan. Ruth Martinezen laguntzarekin prestatu dute antzerkia AEKko kideek. Eus­kararen erabileraren ingu­ruko parodia bat egingo dute, teletienda bat. Eta an­tzerkiaren amaieran, euskararen erabileran «sekulako eragina» izango duen edabe magiko bat asmatuko dute, zientzilari batzuen laguntzarekin. Euskararen egunaK ekimena euskararen alde topa eginez amaituko da.

Euskararen egunaK
Azaroak 30, larunbata:
12:30etan, irekiera ekitaldia Biteriko plazan.
16:00etan, ‘Euskaraz bizi nahi dut!’ lasterketa, Euskara­ren Kontseiluarekin elkarlanean.

Abenduak 1, igandea:
11:00etan, Tour linguistikoa.

Abenduak 2, 3,4 eta 5:
Erakusketa, ikastetxeetako ikasleek euskararen inguruan egindako lanekin eta film laburren emanaldia, Biterin.
Ikastetxeetako ospakizunak, batez ere, abenduaren 3an, Euskararen Egunean.

Abenduak 5, osteguna:
Mintzodromoa (goizeko 10:00etan, 1go saioa eta 18:00etan, bigarren saioa), Biteriko plazan. Eguraldi
txarrarekin, Atsegindegin.

Abenduak 6, ostirala:
13:00etan, kale antzerkia.
Bukatzeko, euskararen aldeko topa.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!