«Garrantzitsua iruditu zaigu parte hartzea, gurasoak baikara umeen eredu»

Kronika - Erredakzioa 2013ko aza. 18a, 01:00

Bazkaltzeko ordua iristearekin batera, koadrila ederra elkartu zen atzo Aikari Lizaso eta Jon Zugastirenean. Bizi­la­gunak ekimenarekin bat eginez, El Ibrahima Seck eta Aminata Diop bertara joan ziren bazkaltzera. Bi familien 6 seme-alabak ere bertan el­kar­­­tu ziren, adin berekoak gainera. Eta baita Fatima Fer­nan­dez dinamizatzailea ere. Ber­ta­ko eta atzerritik etorritako herritarren artean jar­tzen di­ren muga horiek alde batera utzi eta elkar hobeto ezagutzeko elkartu ziren mahaiaren bueltan.
Berez, ez ziren ezagutzen bi familiak, baina atzo konturatu ziren elkarren berri bazutela. «Aikariren aitaren baratzan egin izan dut lan», azaldu zuen El Ibrahimak. «Eta ni Aikariren berrerabilpen zentroan egona naiz», Amina­tak, bestetik. Kasua­li­tate polita.

Erlijioa, Senegal...
El Ibrahim eta Aminata Senegalekoak dira eta orain dela 8 bat hilabetetik bizi dira Hernanin, Antziolan. Euren bizimoduaz aritu ziren hizketan: El Ibrahim elektroteknika eta klimatizazioa ikasten ari da egun, Aminata euskaltegian dabil, Pape Ibrahima eta Coumba Urumean... Erlijioaz ere aritu ziren. «Erlijio musulmanaz hitz egin dugu, emakumeek tapatuta joan beharraz… eta oso interesgarria izan da. Beraientzat erlijioa barruan eramaten den zerbait dela esan digute, ez dagoela zertan kanpora begira adierazi behar», dio Aikarik.  

«Oso gomendagarria»
Aurreneko aldiz hartu dute parte bi familia hauek ekimen honetan eta oso esperientzia interesgarria eta positiboa iruditu zaie. «Batez ere umeei begira iruditu zait garrantzitsua. Gurasoak gara umeen eredu eta ondo dago esatea integrazioa bultzatu behar dela, errespetua… baina praktikan jarrita ikasten da. Beraiek gaur ikusten dute ze gustora gauden eta ze ondo pasatzen ari garen eta hori barneratzen dute», dio Aikarik. Oso gomendagarria dela diote eta errepikatuko dutela argi dute.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!