Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioak eta erraustegia eraiki behar zuten enpresek akordioa lortu zuten asteazkenean, kontratua bertan behera utziz, eta GHKk balorazioa egin zuen ostiralean, Hernanin daukan egoitzan. «Oso pozik gaude. Erraustegiaren mehatxua atzean utzi dugu. Eta gipuzkoar guztien artean lortu dugu. Akordio hau ona da gipuzkoarren onasunarentzat, ingurumenarentzat eta mundu jasangarriago batentzat. Baita atzetik datozen belaunaldientzat ere», azaldu zuten GHKko administrazio kontseiluko kideek. Erraustegiak ez zuela etorkizunik argi utzi zuten. «Aurreikusi baino 70.000 tona zabor gutxiago sortzen dugu egun eta oso urruti egongo ginateke erraustegiaren kapazitatetik».
Gaineratu zuten, akordio honek ere atzean utzi nahi dituela bide judizialak, epaiketa gatazkatsuak eta tentsioak: «orain, korapilo horiek guztiak askatzen saiatuko gara». Eta enpresei ordaindu beharreko kalte ordainaren inguruan, hainbat eragile politikok erabili duten «zifra dantza» lotsagarritzat jo zuten. «Akordio egunean bi aldeok esan bezala, 8.190.000 euro ordainduko zaizkie kalte ordain gisa enpresei. Badirudi min egiten duela gutxiago izateak». Eta azaldu zuten, beste 2.810.000 euroko faktura bat ere ordainduko zaiela enpresariei, jada eginak dauden lanengatik, «beti ordaintzen den bezala».
Konpost planta berria, 15 egun barru eraikitzen
Hondakinen kudeaketaren arloan, Gipuzkoan fase berri bat zabaltzen dela azpimarratu zuten eta GHKren lehentasuna da, «Gipuzkoak benetan behar dituen azpiegiturak adostu eta lehenbailehen eraikitze lanak hastea».
Akordioak lortzea ez dela zaila izango aurreratu zuten: «Denok ados gaude ahalik eta gehien birziklatu behar dela, eta horretarako gaikako bilketa da efikazena. Denok ados gaude hondakinen %100 tratatu behar dela. Hondakin bakoitzak tratamendu propioak behar ditu eta horretarako azpiegitura zehatz batzuk behar dira».
Organikoari dagokionean, Epeleko (Debagoiena) konpostatze planta eraikitzeko lanak aurrera doaz. 15 egun barru hasiko dira eraikitzen eta 8 bat hilabeteren buruan bukatua egotea espero da.
Ontziak eta papera tratatzeko plantekin lanean ari dira eta errefusari tratamendu mekanikoa eta biologikoa emango zaion azpiegiturak aztertzen ari dira, martxan jartzeko.
Zero Zabor filosofiari jarraitzea dela bidea azpimarratu zuten eta udalerriei konpromisoa eskatzen diete.