TREBEZIA baina zerbait gehiago behar da egur bat artelan bihurtzeko. Maider Kalonjek urteak daramazki egur taila afizioa eta ofizioa uztartzen. Erakusketa jarri berri du aranoar gazteak Biterin, eta ikusgai egongo da azaroaren 26ra bitartean; ordutegia, 17:00etatik 19:00etara. Ikastaroa izan zen abiapuntua. Kuriositateak deituta, egur taila ikastaroa egin zuen Maider Kalonjek orain urte batzuk. Artelan tradizionalak egiten aritu da urte luzez, ordutik: erloju, ispilu, koadro eta bestelako obrak betiko taila-irudiekin. Artelan hauekin bete du Biteriko erakusgelaren erdia. Beste erdia prozesu berri baten parte da. Barruak hala eskatuta, pauso bat aurrera egin eta egur taila modernoagoak egiten ari da orain aranoarra, bereziagoak, itxura berridunak, kolore biziak... Autoerretratu bat ere egina badu. Afizioz aritzen da. Esku onekoa da Kalonje, eta erakusgai dituen obra batzuk denbora gutxian egiten ditu. Badira ordea, asteak, hilabeteak pasa dituen beste batzuk; lehen aipatutako berri horiek, batez ere. Salgai ditu guztiak.
Ofizioa ere bada egur taila
Egur tailatik bizitzeko modua ere egin du aranoarrak. Tailer edo kurtsoak ematen ditu batetik, eta saltzen dituen obretatik ere, ateratzen du diru pixka bat, bizitzeko adina.