Garaipen bat; horixe behar dute Paul Ojuel eta Eneko Aizpitarte pelotari hernaniarrek gaur, gorenera igotzeko, datorren urtean Ohorezko Mailan izateko. Gipuzkoako Txapelketako finalerdia jokatuko dute gaur, Intxurre taldearen kontra. Partidu ikusgarria espero da, pelotazaleentzako berezia izan ohi den horietakoa. Gainera, Hernanin bertan jokatuko da, Kiroldegiko pelotalekuan, arratsaldeko 18:00etan hasita.
Orain arte garaile,
partidu guztietan
Final erdietara sailkatzeko zazpi partidu gainditu dituzte pelotari hernaniarrek; jokatutako guztiak (tartean, Arrietak jokatu zuen partiduetako bat).
Gaurko partiduan hasitako bide horri segida ematea besterik ez dute. Intxurre taldeko Altuna eta Santxez bikotea izango dituzte aurrez aurre. Partidu berdindua espero da, baina apustuak hernaniarren alde aterako dira, esperientzi gehixeago dute eta. Aurkarien artean, Jokin Altuna kontuan hartzeko pelotaria izango da. 17 urte baditu ere, ASPE enpresarekin entrenatzen hasia da etorkizuneko promesa hau. Aurreko koadroetan Ojuelekin izango duen lehia ikustekoa izango da.
Pelotazaleei deia
Maila haundiko partidua espero da, eta pelotazale guztiei dei egin diete, elkartetik, Hernaniko bikotea animatzera gerturatzeko.