Hemendik aurrera, kolektore berri batek Ereñotzu eta Fagollagako hondakin-urak edo ur zikinak jasoko ditu. Kolektore berriak 4 kilometro ditu eta bi gune horietako hondakin-urak jaso ostean, Urumeako kolektorera bidali, eta bertatik, Donostiako Loiola auzoan dagoen depuradorara bideratuko dira. Han, behar bezala garbituko dira itsasora isurtzeko. 686.000 euroko inbertsioa izan da eta Añarbeko Urak-ek finantzatu du.
«Aurrerapauso garrantzitsua izan da»
Atzo inauguratu zuten kolektore berria eta Imanol Lizeaga Ereñotzuko Auzo Udaleko alkateak obra honek duen garrantzia azpimarratu zuen: «Urte luzetan izan dugun arazoari erantzun dio eta aurrerapauso haundia izan da Ereñotzu eta Fagollagarentzat, erosotasunagatik, txukuntasunagatik eta lasaitasunagatik. Hondakin horiek behar bezala bideratuko dira orain eta ibaiarentzat onuragarria izango da».
Luis Intxauspe Hernaniko alkateak ere zentzu berean hitz egin zuen eta gaineratu zuen, Urumea ibaiaren inguruan bizi diren herritar guztientzat dela garrantzitsua obra hau. Bi alkateek eskerrak eman zizkieten Añarberi.
Sare zabala osatzeko urratsa
Enrique Noain Añarbeko lehendakariak obrari buruzko hainbat azalpen eman zituen. Argitu zuen, nahiz eta zailtasun haundiko obrak ez izan, asko luzatu direla kontu administratiboen eraginez, «obrak interes haundiko ingurumenetik pasatzen baitira».
Kolektore honek, bonbeo estazio bana du Ereñotzun eta Fagollagan eta Añarberentzat urrats garrantzitsua izan da kolektoreen sare zabal bat osatzeko bidean. Ereñotzu hegoaldera eta Epelera zabaltzeko asmoa ere azaldu zuen.
Noainen esanetan, kolektoreak, etxeetako ur zikin desatseginak Urumeara botatzea saihesten du eta sekulako eragina izango du ibaiaren errekuperazioan. «Horren adibide da, izokiak ugaritzen ari direla».