Azken urteetan egin bezala, Hernani Errotzen kultur elkarteak kulturen arteko azoka antolatuko du. Ostiraletik igandera izango da. Herrian barrena, afrikar musika, arabiar dantzak, falkoneria erakustaldiak, euskal dantzak eta herri musika doinuak nagusituko dira. Horrez gain, Gudarien plaza, Plaza Berri eta Tiloseta, kultur emanaldiz blai egongo dira.
Nafar gunea, Tilosetan
Hernani Errotzen elkarteak Nafar gunea deituriko espazioa jarriko du Tilosetan. Bertan, Euskal Herriko historia nafarra ezagutzeko liburuak, DVD emanaldiak eta bi hitzaldi eskainiko dira. Hitzaldiak larunbat eta igandean izango dira 11:30etatik aurrera. Larunbatean, Donostia 1813, hiru inperioen biktima izenburupean emango ditu azalpenak Beñi Agirrek. Igandean, Angel Rekalde Nabarraldeko zuzendariak Nafar gazteluak izango ditu hizketagai.
‘Pulpo a feira’ gutizia
Azokan, herrialde ezberdinetako sailtzaileek, bisitarientzako eskulangintza produktuak eta artisau elikagaiak jarriko dituzte eskuragarri. Batez ere, Galiziatik etorritako olagarro dendak pulpo a feira gutizia probatzeko aukera eskainiko du.
Hernani Errotzenek, jasotako laguntza eskertu nahi izan du: «Hernaniko Udalari, Berriak merkatarien elkarteari, Hernani Musika Eskolari, Txistulari elkarteari eta San Joan konpartsari, bihotz bihotzez, mila esker».