Aranon San Martin eguna ospatu zuten larunbatean. Goizean ibilbide megalitikoan zehar bisita gidatua egin zen arkeologian aditua den talde batekin. Jentilbaratzen eta trikuharrien azalpenak eman zituzten. 25 lagun bildu ziren.
Arratsaldean, Pedro Mari Ansak artzai zakurren erakustaldia eskaini zuen, Alai artzai zakurrarekin. Ansa 1972an hasi zen txapelketetan parte hartzen eta 20 urtetan segidan ibili ostean, geldialdi batzuk egin eta azkeneko urtetan ekin dio berriz Alaiekin. Nafarroan 3 aldiz txapeldun izan da. Euskal Herrikoa ere irabazi zuen 1972an. 1973an Bartzelonan eta Geronan ere irabazi izan du.
Ondoren, argazki lehiaketako sari banaketa izan zen. Aurreneko saria Ane Casado Zubeldiak eskuratu zuen eta epaimahaiaren aipamen artistiko berezia Jabier Legarreta `Xauxar´-ek jaso zuen. Ekintza horiekin batera, Aranoko web orria zabaldu zen eta talo eta gaztain jatearekin borobildu zen eguna.