«Goiko postuetatik gertu bukatuta, denboraldi ederra izango da!»

Kronika - Erredakzioa 2013ko aza. 16a, 01:00

Ilusioz beteta hasi dute waterpolo denboraldi berria bi taldeek. Astean hirutan entrenatzen dute, eta aukera hori aprobetxatuta, Laida Rekalde eta Jon Imanol Fer­nandez kapitainekin bil­du da Kronika.

Hasiera gazi-gozoa
Nesken taldea Euskal Herri mailan ari da konpetitzen; mutilena, Euskadiko ligako Bigarren mailan. Liga hasi berri dute; neskak orain bi aste estreinatu ziren, eta emaitza ez zen nahi bezain ona izan. Mutilek bi partidu jokatu dituzte, eta bat irabazi eta bestea galdu egin dute. Laida Rekaldek, nesken kapitainak dio, denboraldia ez dutela nahi bezain ondo hasi: «Lautadaren kontra jo­ka­tu genuen aurreneko partidua, etxetik kanpo. Joko ona egitea zen gure asmoa, baina aurkariak hobeak zi­ren, eta hasieratik izan zirennagusi». Joan den asteburuko atsedenaldiaren ostean, etxean jokatuko du orain eta irrika bereziarekin egingo diote aurre, partidu honi: «denboraldiko aurreneko partidua izango da etxean, eta irabaziz hasi nahi dugu. Iruñeako WP taldearen kontra neurtuko di­tugu indarrak. Hauek garaipenarekin hasi dute denboraldia; gu saiatuako gara dugun guztia ematen; ez dute partidu erraza izango». Mutilen taldearen hasiera gazi gozoa izan dela dio Jon Imanol Fernandez kapitainak: «bi partidu jokatu, eta bi emaitza diferente lortu ditugu, garaipena eta porrota. Burgoseko Castellae hartuko dugu orain etxean, eta hasiera ba­tean, irabazteko mo­duan izan­go garela uste dugu. Sail­kapenean paretsu gau­de, baina igerilekuan na­gusi izan gaitezkeelakoan gaude».

Goiko postuetatik gertu bukatzea, helburua
Kirola edozein izanda ere, talde guztiek izaten dute helburu denboraldia goiko postuetatik ahalik eta gertuen bukatzea. Water­poloko bi taldeen kasuan ere, hori ez da aldatzen. Talde bakoi­tzaren egoera ordea, ez da berdina. Mutilen kasuan, badira talde batzuk lehendik profesionalak izan diren jokalariak dituztenak; beste batzuen kasuan, talde haundien filialak dira. Horrez gain, Jon Imanolek Kronikari azaldu dioenez, Hernanik ezingo luke mailaz igo, aurrena geratuta ere: «aurrena geratu eta igoera lortzea ez da nahikoa. Gauzatzeko talde filial bat izatea eskatzen dute, eta guk ez dugu. Diru kontuak ere hor daude... Beraz, aurreneko hiru postuetatik gertu geratuta denboraldi ederra izango litzateke». Nesken kasuan ere, mai­la haundiko taldeak izan­go dituzte aurrean, Leioa eta UPNA esaterako. Beste maila batean jokatzen dutela dio Laida Rekaldek eta hori asumitua dutela: «sailkapen erdialdean gera­tzen bagara, ondo, eta handik gora, postu hoberen bat lortzen badugu, ezin hobeto».

Talde beteranoak
Elkar ondo ezagutzen dute bi taldeek. Azken urteetan jokalariak mantedu eta talde sendoak osatzea lortu dute. Mu­tilen kasuan, joan den urtean aritutakoek jarraitzen dute. Nesketan bizpahiru baja izan dituzte; eta beste hainbeste inkorporazio. «El­kar ezagu­tzen dugu eta hori garrantzi­tsua da talde bezala funtzionatzeko, bai orokorrean, eta baita partiduetan ere» dio Jon Imanol Fer­nan­de­zek. Bi taldeak irekita daude oraindik, eta waterpoloan aritu edo probatu nahi duten guztiei luzatu diete gonbitea, igerilekura gerturatu, eta elkar ezagutzeko.

Loteria, salgai
Gabonetako loteria salgai du­te, 10.801 zenbakia. Erosi na­hi duenak entrenamendu egunetan izango du aukera edo taldekideren bati eskatuta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!