Bertako eta atzerritik etorritako familiak bazkari baten bueltan elkartu eta ezagutzea da Bizilagunak ekimena helburua. Lehengo urteko arrakasta eta gero, AMHER elkarteak aurten ere antolatu du Hernanin.
Bazkaria, etxean
Elkartze horiek norberaren etxean izatea da garrantzitsua, hala azaldu zuten prentsaurrean: «leku intimoa da, norberaren bizitzarekin erabat lotua dagoena. Azkenean bilatzen dena horixe da, familia bakoitzak dituen bizipenak, beharrak, ilusioak, ametsak elkarri kontatzea; hau da, elkar ezagutzea.
Bazkaria, egun horretan ezagutuko diren bi familietako baten etxean egiten da, aurrez adostuta. Bertako familia, etorkin familia eta dinamizatzailea elkartzen dira.
Bestea ezagutu bai, baina nola?
Ingurura begiratu eta herrialde ezberdinetako hainbat lagun ikusten ditugula zioten prentsaurrean, eta askotan, ez dakigula beraiengana nola jo: «pentsatu al duzue noizbait zerk ekarri dituen hona? Zein bizipen edo inpresio duten hemengo bizitzari buruz?».
«Etorkinen ikuspuntutik begiratuta, askok ez dute bertako inor ezagutzen, lagunak egin nahi dituzte edo bizi diren herrialde berri honetako informazio gehiago nahi dute» azaldu zuten aurkezpenean. Arrazoi horiek edo beste asko aitzaki perfektua izan litezkeela esan zuten, Bizilagunak proiektuan parte hartzeko.
Esperientziaren berri
Joan den urteko esperientzia bizitu zuten hiru familiako kideek eman zuten bizitakoaren berri prentsaurrean: «balorazioa oso positiboa izan da eta gerora ere, harremana mantendu dugu. Herritarrak animatu nahi ditugu, izan ditzaketen kezka eta beldurrak atzean utzi, eta esperientzia bizitzera».
Izen ematea zabalik familia edo dinamizatzaile gisa
21 familiek eman dute izena azaroaren 17ko hitzordurako eta parte hartu nahi dutenentzat zabalik dago epea: 943 32 18 11 edo info@mugak.org.
Gogoratu nahi dute familia kontsideratzen den edonork har dezakeela parte, izan ohikoak, elkarrekin bizi diren lagunak, aiton-amona eta bilobak... Dinamizatzaile izan nahi duenak ere, badu izena emateko aukera.
Gipuzkoatik Euskadira zabaldu
Gipuzkoako hainbat herrietan egin zen joan den urtean Bizilagunak ekimena. Mugak gainditu, eta Euskadira zabaltzea erabaki dute aurten. Hala, datorren azaroaren 17an, Bilbo, Gasteiz, Ermua, Getxo, Tolosa eta Donostiako familiak elkartuko dira, bazkatzera.