Utzi lotsak alde batera eta egin euskaraz!

Kronika - Erredakzioa 2013ko aza. 9a, 01:00


Egileak: Itsaso Zubiria Etxeberria eta Arnaitz Lasarte Santa Kruz

Mintzodromoa da, bes­teak beste, euskararen egu­nak programaren barruan egon­go den ekitaldietako bat. Euskaraz hitz egiteko txokoa, bai ikasten ari edo hitz egi­teko aukera gutxi dutenen­tzat, baita euskaraz dakite­nen­tzat ere. Hernaniko Udal Euskaltegiko Jokin Nazabal eta Izaskun Arrieta dira antolatzaileak.

Zer da Mintzodromoaren kontu hori?
Euskaraz hitz egin nahi eta aukerarik ez duenari leku bat zabaldu nahi diogu. Elka­rrizketa gune bat izango da, harremanetan jartzeko tokia. Jende asko dago euskal ko­munitatearekin loturarik ez duena, eta Mintzodromoa edo Mintzalaguna bezalako ekimenek zubi lana egiteko ere balio izaten dute. Euskara erabiltzeko eta kalera ateratzeko aukera bat da. Euskaltegian euskara ikas­ten ari direnentzat, ur­tee­tan ikasten ibili eta hizkuntza praktikatzen ez duenaren­tzat, lotsagatik hitz egiten ez duenarentzat… Euskaraz daki­ten herritarrekin batera hitz egiteko aukera zabaldu nahi dugu. Euskaltegiko lana lau pa­reten artean, ezkutuan ge­ra­tzen da maiz, eta lan hori ka­leratzea da helburuetako bat.

Nola funtzionatuko du?
Hainbat mahai egongo dira, eta bakoitzean lau pertsona. Mahai bakoitzak dinamiza­tzaile bat izango du elka­rriz­ketak bideratzeko. Institutu­ko ikasleek ere parte hartuko dute Mintzodromoan eta haue­tako batzuk izango dira, seguru aski, dinamizatzaile batzuk. Maila altuenetan dau­den ikasleak ere izango dira mahaietako gidari, bai eta izena emandako euskal­dun zaharrak ere. Hamabost bat minutuko hiru elkarrizketa-txanda izan­go dira, eta txanda ba­koitzean gai bat landuko da. Erronda aldaketa tokatzen denean jendea mahaiez mugituko da eta dinamiza­tzailea izango da leku berean geratuko den bakarra. Horrela, hamabost minuturo gaia eta solaskideak aldatuko dira.

Euskara-maila baxua dutenek badute lekurik?
Euskaraz ikasten ari direnen eta ikasi dutenen kolektiboa daukagu buruan, baina asmoa daukagu euskaltegian hasi berriak direnekin eta Banaiz Bagara elkarteko ikasleekin zerbait pres­tatzeko. Elkarte horretan atzerritarrei euskara ikasteko laguntza ematen zaie. Oraingoz ez daukagu gauza handirik lotuta baina zerbait egitekotan gabiltza.

Izena emateko epea dago
Aste honetan epea ixtekoak ginen, baina datorren astean zehar ere apuntatzeko aukera utziko dugu. Euskaraz hitz egiteko gogoa duen he­rri­tarrari irekia da deialdia, eta Udal Euskaltegira (anbula­torio zaharrean) gerturatzea nahikoa du. Nahi izanez gero emailez ere eman daiteke izena helbide hauetan: jokin-n@hernani.net eta izaskun-a@hernani.net.

Eta eguna eta lekua?
Abenduaren 5ean izango da, osteguna, eta bi aukera egon­go dira: bata goizeko 10:00e­tan eta bestea arra­tsaldeko 18:00etan. Lekua egural­dia­ren araberakoa izango da. Euri­rik ezean Biteri atarian prestatuko dugu eta eguraldi txarra eginez gero Atse­gin­degin.

Lehendik egin da Mintzodromorik beste herriren batean?
Donostian duela urte batzuk Bagera elkartea hasi zen an­tolatzen, eta badara­matzate ur­te batzuk. Aurten Bilboko Alhondigan ere prestatu dute horrelako zerbait Berba­la­gu­na­ren kanpaina bultza­tzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!