Eusko Jaurlaritzak aldaketa garrantzitsu bat egin du Osasun arloan. Errezeta elektronikoa izeneko sistema berria jarri du martxan Osakidetzan. Honek esan nahi du, gaixo dagoen herritarrak medikuarekin kontsulta izan ostean, ez duela paperezko errezetarik izango sendagaiak edo botikak farmazian jasotzeko. Errezetarik gabe, zuzenean farmaziara joango da eta bertan emango dizkiote beharrezko botikak. Halaxe azaldu diote Kronikari, Carmen Blanco eta Jone Ugalde Hernaniko anbulatorioko erizain eta administrazio arduradunek. «Sistema honekin, farmazietan badakite ze botika behar duen paziente bakoitzak, osasun zentroak eta farmaziak konektatuta baitaude, informazio teknologien bidez. Farmaziei, ordenagailuan azaltzen zaie medikuak errezetatutakoa».
15 egunen buruan,
txartela etxean
Sistema berrirako, Osakidetzako txartela beharrezkoa da eta txartelak banda magnetikoa eduki behar du. Blanco eta Ugaldek jakinarazi dute, garai bateko txartel batzuek ez dutela banda magnetikorik eta berria eskatu behar dela anbulatorioan. «Txartel zaharra ekarri eta berehala egiten da. Gainera, txartel berria 15 egunen buruan etxera bidaltzen dute. Bitartean, behin behineko txartel antzeko bat uzten dute, kodigoarekin».
«Erosoagoa da eta kontrol
gehiago dago»
Eusko Jaurlaritzaren asmoa, sistema berria erkidego osora zabaltzea da, hau da, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabara. Pixkanaka ari dira herriz herri martxan jartzen. Hernanin, irailaren 26an jarri zen. «Dena dela, guztia egokitzeko, urtebete badaramakigu lanean», azaldu dute Blancok eta Ugaldek. Hernani inguruko herrietan ere martxan dago dagoeneko. «Batez ere hiriburuetan ari da atzeratzen, farmazia asko baitaude, guztiak koordinatzeko. Guztiak martxan urte hasierarako egotea aurreikusten da», aurreratu dute.
Hilabete pasa den honetan, aldaketa positiboa izan dela diote Hernaniko anbulatorioko bi arduradunek. «Erosoagoa da. Gaixo dagoena, hona etortzen da medikuarengana, eta gero zuzenean farmaziara joan besterik ez du. Ez ditu errezetak eraman behar eta galtzeko arriskurik ez dago. Sendagaiekin ere kontrol gehiago dago orain. Momentuan behar duena ematen zaio pazienteari, eta ez dira botikak alferrik gastatzen, ez dira etxean pilatzen», diote.
Iraupen luzeko
tratamenduetan,
hilabeterako botikak
Funtzionamenduari dagokionez, herritar bat medikuaren kontsultara joaten denean, errezeta elektronikoa egingo diote, paperik gabekoa. Eta informazioa izan dezan, Tratamendu-orria emango diote (botikaren izena, dosia, iraupena, hurrengo azterketaren data…).
Gaixotasun kronikoen kasuan, hartu ohi den botika dagoeneko agindu badu medikuak, ez da berriro bueltatu beharko anbulatoriora, errezeta gehiagoren bila. Aurrena, paperean dauden errezetak erabili behar dira, denak bukatu arte, eta ondoren, zuzenean farmaziara joan behar da. Botikak bertan emango dituzte, medikuaren hurrengo kontsultara bitarte.
Iraupen luzeko tratamenduen kasuan, gutxi gorabehera, hilabeterako botikak emango dituzte farmazian, pixkanaka eta preskripzioarekin bat. Tratamenduaren hurrengo azterketa datara arte izango da (urtebete gehienez). Ondoren, kontsultara joan beharko da berriz.
Tratamendu motzen kasuan, errezeta elektronikoa egiten den momentutik, 10 eguneko tartea dago botikak jasotzeko farmazian.
Kasu guztietarako, beharrezkoa da Osakidetzako txartela gainean eramatea, bestela farmaziek ez dute botikarik emango. Hori bai, beste norbait bidali daiteke farmaziara norberaren botiken bila. Horretarako, gaixorik dagoenaren txartela aurkeztea nahikoa da.
Oporretara joateko,
paperezko errezeta
Errezeta elektronikoak gaur egun ez du kasu guztietarako balio. Esaterako, etxetik kanpo egoteko asmoa baldin badago, oporrak direla eta, anbulatorioan jakinarazi behar da. Eta ondoren, paperezko errezeta bat emango dute medikuaren aginduz.
Horrez gain, oraindik ez da erkidego guztian martxan jarri sistema berria eta norberaren herritik kanpo dagoen farmazian botika hartzeko, paperezko errezeta behar da.
Beste kasu batzuetan ere ezin da erabili errezeta elektronikoa: Mutua batzuen kasuan, Zaharren Egoitzako errezetetan, gaixotasun espezifiko bat dutenen kasuan, estupefazienteetan, formula magistralen eta alergien aurkako txertoen kasuan…
Pablo Gómez Justel farmazia:
«Sistema berriaren bidez pazientearen historiala ezagutzeko aukera dugu»
Sistema berriak, farmazietan nolako harrera izan duen jakin nahi izan du Kronikak eta Pablo Gómez Justel farmazian argi dute: «Sistema berria oso ona da. Herritarrentzat askoz erosoagoa da eta guretzat ere, egokiagoa. Pazientearen historial osoa ezagutzeko aukera dugu orain; pazientearen berri daukagu eta hanka sartzerik ez egiteko aproposa da. Kontrol gehiago dago eta efikazagoa da», diote Pablo Gómez, Marina Gómez eta Jenni Bañuelosek.
Osakidetzaren sistema egokia izan arren, batzuetan arazo txiki batzuk ematen dituela ere azaldu dute: «Goizetan, martxan jartzerako orduan, datuen transmisioa mantso xamarra izaten da. Dena dela, gutxienekoa da, onurak gehiago direla iruditzen zaigu».
Herritarrak gustora
Tratamendu luzeko pazienteek maiztasun gehiagorekin joan behar dute orain farmaziara, hilabete bat baino gehiagorako ez delako botika ematen, baina kejarik ez dutela entzun eta herritarrak gustora daudela azaldu dute. Kolarik ere ez dela sortzen azaldu dute. «Modu honetan, botikak ez dira alferrik erosten; gastu farmazeutikoa murriztu egiten da eta jendeak behar duena erosten du».